Burmuina etengabe aldatzen ari da. Artikulu hau irakurtzen bukatzen duzunean, zure burmuina desberdina izango da. Berdina gertatuko zaizu, adibidez, elkarrizketa baten ondoren. Interakzioek eraldatu egiten dute burmuina. Horixe gertatzen da, era berean, bigarren hizkuntza ikasten dugunean. Txinako Guangdong Unibertsitateko Jing Yang-ek eta bere kideek ikergai izan zituzten bigarren hizkuntza ikastean burmuinean sortzen diren aldaketak. Horretarako, 39 ingeles-hiztun sei astez trebatu zituzten, txinerazko hitzak ikas zitzaten. Parte-hartzaileek ez zekiten txineraz, ezta beste hizkuntza tonalik ere.
Emaitzek garbi erakutsi zuten epe motzeko trebakuntzek ere nabarmen eraldatzen dutela burmuina. Horrez gain, ikerketak erakutsi zuen burmuina ez dela berdin aldatzen hitz berriak ondo edo erdizka ikasten direnean. Hitzak ondo ikasten direnean, burmuinean aktibitatea txikiagoa izaten da. Ikaskuntza erdizka gertatzen denean, aldiz, burmuinean aktibitatea handiagoa da, burmuinak lan handiagoa izaten du. Aurretik egin diren ikerketekin bat datoz emaitza horiek. Ezagutza sakonagoa denean, hitz berriak erabiltzeko ahalegin txikiagoa egin behar da, errazagoa da, eta, beraz, aktibitate txikiagoa nahikoa da hitz horiek erabiltzeko. Aitzitik, hitz berriak ondo ikasten ez direnean, burmuinari nekezagoa egiten zaio hitz horiek erabiltzea, eta, ondorioz, aktibitate handiagoa behar du lan horietan aritzeko.
Baina, aldi berean, ondo ikasten denean, burmuinaren jarduera burmuinaren eremu gehiagotara hedatzen da. Ondo ikasten denean, hobeto erabiltzen dira burmuinaren konexio-sareak. Erdizka ikasten denean, aldiz, azterketetan ikusten da konexio-sare horiek ez direla oraindik behar bezala erabiltzen, hau da, jarduera ez dela burmuinaren hainbeste eremutara zabaldu eta konektibitatea ez dela behar bezain eraginkorra oraindik.
Elebitasuna aztertzen duen zientziak argi erakutsi du hainbat hizkuntza ikasteak kognitiboki indartsuago bihurtzen duela ikaslea, eta, horrez gain, mesede egiten diola sozialki eta ekonomikoki. Eleaniztasuna oso mesedegarria da, zentzu askotan gainera. Beraz, lehentasunezko helburua izaten jarraitu behar du gure hezkuntza-sisteman, eta ahalik eta modu eraginkorrenean sustatu behar dugu, ikerketak eskaintzen digun ezagutza oinarri hartuta.
Egilea: Harkaitz Zubiri