Gero eta kulturartekoagoa den gizarte honetan, eskoletan kulturarteko ikaskuntza lantzearen beharra azpimarratu ohi da. Bada, hainbat kulturarekin elkarreragiteko ikaskuntza, jarrera eta gaitasunak garatzean datza ikaskuntza kulturala. Gaurko artikuluan hori lantzen duten Europako hiru esperientziaren berri ematen da.
Lehenengo ekimena Suediako Nightingale orientazio- eta integrazio-proiektua da. Proiektuak unibertsitateko ikasleak jatorri atzerritarreko Lehen Hezkuntzako ikasleekin batzen ditu. Hala, astean hiru orduz elkartuz, hainbat jarduera egiten dituzte batera. Proiektuak bi helburu ditu: alde batetik, irakasle izateko ikasten ari diren pertsonek kulturarteko ikaskuntza garatzea; bestetik, unibertsitateko ikasleen eta eskolako umeen arteko loturak eratzea, teoria eta praktikaren arteko hutsunea betetzeko.
Bigarren adibidea Joaquim Ruyra eskolan daukagu. Bertako ikasle gehienak atzerritarrak badira ere, eta barruti behartsuan egon arren, emaitza akademikoak Kataluniako batezbestekoa baino hobeak izatea lortu dute. Eskoletako denboraren % 40 eta % 60 bitartean talde elkarreragileak egiten ematen dute, eta talde bakoitzean hainbat jatorri, kultura, gaitasun eta generotako ikasleak batzen dituzte.
Azkenik, INSCHOOL proiektua (Inclusive Schools: Making a difference for Roma children) hezkuntza inklusiboan oinarrituta dago. Europar Batasuna eta Europar Kontseilua batzen dituen proiektu hori 2017. urtean hasi zen Txekiar Errepublikan, Hungarian, Errumanian, Eslovakian eta Bulgarian. Proiektuak bi jarduera-maila ditu: bata, maila praktikoa, eskoletan egiteko esku-hartzeetan oinarrituta dago. Hala, proiektuaren barruan, hainbat eskolatan ebidentzia zientifikoan oinarritutako jarduerak egiten dira. Bigarren jarduera-maila legedien errebisioan eta moldaketan zentratzen da. Besteak beste, gurasoek parte hartzea, hezkuntza ez-formala sustatzea eta eskolen kalitatea hobetzea lortu dute.