Ikastetxeetan harreman onak fundamentuz lantzea sekulako ekarpena da ikasleentzat. Harreman onak izateak nabarmen handitzen ditu aukerak bizitza luzea, osasuntsua eta zoriontsua izateko. Aitzitik, harreman onak ez izatea oso arriskutsua da osasunarentzat. Brigham Young Unibertsitateko Julianne Holt-Lundstad ikertzaileak eta bere kideek Plos Medicine aldizkarian argitaratu zuten metaanalisian ondorioztatu zuten harreman sozialen kalitateak sekulako eragina zuela hiltzeko arriskuan, gutxienez tabakoak, obesitateak, kutsadurak eta ariketa fisikoa ez egiteak bezainbeste. Urte batzuk geroago, ikerketa berriak ere barne hartu zituzten Holt-Lundstad-ek eta bere kideek beste metaanalisi batean, eta berriro ondorio berera iritsi ziren: generoa eta herrialdea edozein dela ere, sozialki isolatuta sentitzea edo objektiboki isolatuta egotea, biak, hilkortasuna nabarmen areagotzen duten faktoreak dira. Obesitatea baino arriskutsuagoa dela ere ondorioztatu zuten bigarren azterketan. Lehenengo analisian 148 ikerketa independente aztertu zituzten, guztira 308.849 partaide zituztenak, eta bigarrenean, berriz, 70 ikerketa independente, guztira 3.407.134 partaide zituztenak (aurrekoa baino 10 aldiz lagin handiagoarekin).

Sozialki konektatuta egotea ez da bakarrik psikologikoki eta emozionalki mesedegarria. Ongizate fisikoan ere oso eragin handia dauka. Hori nola gerta daitekeen ere azaltzen du ikerketak. Harreman sozialek eragin zuzena dute osasun-jardunbide egokietan eta egoera psikologikoan (estresean eta depresioan, adibidez), eta horiek osasun orokorrari eragiten diote zeharka. Baina harreman sozialek ez diote zeharka bakarrik eragiten osasun fisikoari. Harreman sozialek zuzenean eragiten diete hainbat prozesu biologikori. Esate baterako, harreman sozialek eragiten dituzten mekanismo fisiologiko erreguladoreen artean daude funtzio immunitarioa eta zenbait inflamazio-prozesu.

Orain dela zenbait hamarkada, zaintzapean zeuden umeen artean hilkortasun-tasa handiak zeudela konturatu ziren, baita aurretiaz osasun arazorik ez zutenen eta tratamendurik jasotzen ari ez zirenen artean ere. Konturatu ziren giza kontaktuaren gabeziak hil egiten zuela. Osasunaren arloko profesionalak jabetu ziren haurrak hil egiten zirela interakzio sozialik ez zutenean. Aurkikuntza harrigarri horrek aldaketa handiak eragin zituen, eta horri esker hilkortasuna nabarmen murriztu zen zaintzapeko umeen artean. Orduan gertatu zen bezala, gaur egun egin ditzakegun aldaketek biziki hobetu dezakete jende askoren osasunaren kalitatea, eta, are gehiago, jende askoren bizia ere salbatu dezake.