Covid-19ak eragindako pandemiari aurre egiteko, Europako hainbat herrialdek hartu dituzten neurriek hezkuntza eta formakuntzarako aukerak zailagoak bihurtu dituzte. Hala ere, zorionez, tresna digitalek arazo horiek konpontzen lagundu dezakete. Bada, Europar Batzordeak hainbat baliabide aurkeztu ditu bere web-orrialdean, ikasleei, irakasleei eta gainerako profesionalei zuzenduta. Bi motatako baliabideak daude: lineako plataformak eta Europar Batasunak finantzatutako proiektuak.

Lineako plataformak

Irakasle eta hezitzaileentzako plataformen artean, honako hauek dira azpimarratzekoak:

  • School Education Gateway: 23 hizkuntzatan eskuragai, irakaskuntzarako hainbat material eta formakuntzarako aukerak aurkezten dira, bai irakasleentzat, bai eskolako beste agenteentzat. Tutorialak, ikastaroak, webinar-ak eta berriak eskaintzen dira.
  • eTwinning: plataforma kolaboratibo honek irakasleei komunikatzeko, baliabideak partekatzeko eta proiektuak sortzeko aukera ematen die.
  • Electronic Platform for Adult Learning in Europe (EPALE): online komunitate honek Europa osoko helduen hezkuntzako profesionalak batzen ditu. Helburua pertsona helduen hezkuntzarako kalitatezko aukerak sortzea da.

Europar Batasunak finantzatutako proiektuak

Europar Batasuneko Erasmus+ programaren barnean finantzatutako proiektuak dira.

    • EduHack: ikaskuntza digitala sustatu nahi duten unibertsitateko irakasleei zuzenduta dago.
    • Open Mind: emakume ikasleen artean ekintzailetza soziala sustatzea bilatzen duen proiektua da, negozio ikasketak ez dituztenentzat, alegia.
    • Scientifix: baliabide honek Europako herritarren arteko kolaborazioa sortu nahi du, STEM (zientzia, teknologia, ingeniaritza eta matematikak) irakasle, ikertzaile, eta politikarien artean.