Gorputzeko sistema biologiko guztiek elkarrekiko interakzioan funtzionatzen dute. Ez dira beren kasa funtzionatzen duten osagai isolatuak. Baina, gainera, gorputzeko sistema biologiko horiek hainbat faktoreren eraginpean garatzen dira: geneek, adinak, esperientziak eta inguruneak elkarri eragiten diote, eta osagai horien arteko interakzioaren eraginez garatzen dira. Izan ere, gorputzeko sistema biologiko guztiak egokitu egiten dira ingurunera, onerako nahiz txarrerako. Gorputzeko sistema biologiko baten egokitzapen bakoitzak eragina izan dezake gorputzeko gainerako sistema biologikoetan. Burmuinak jasotzen ditu sistema guztien seinaleak. Guztiek dute eragina burmuinean. Baina burmuinak ere sistema guztiei eragiten die: sistema bakoitzetik jasotzen dituen seinaleak birbidali egiten ditu gainerako sistema biologikoetara.
Lehen haurtzarokoak dira marka handiena uzten duten interakzioak. Bizitzaren lehen urteetako esperientziak eragin sakona du etorkizunean haurrak lortuko duen ikasketa-mailarekin eta izango duen osasun fisikoarekin eta mentalarekin. Bizitzaren funtsezko aro horrek helduaroarekin duen harremana aztergai dute Harvard-eko Unibertsitateko Center on the Developing Child-en.
Zentroan ondorioztatu dute haurrarentzat oso mesedegarriak direla babesa ematen dioten harremanak, interakzio aberasgarriak eta denboran irauten duten errutinak. Haurraren inguruneak ezaugarri horiek baditu, haurrak aukera handiagoak izango ditu ondo funtzionatzen duten sistema biologikoak garatzeko. Aitzitik, babesgabe sentitzen den haurrak egoerari aurre egiteko erantzunak garatuko ditu, eta, erantzun horiek egonkortzen badira, horrek epe luzera arazoak sor diezazkioke osasun fisikoarekin eta mentalarekin, ongizate pertsonal orokorrarekin, auto-erregulazioarekin eta ikaskuntzarekin.
Konponbide eraginkorrak adin guztietan aplika daitezke, baina hobe da ahal bezain adin txikienean esku hartzea. Emaitzak hobeak dira eta errazago lortzen dira. Center on Developing Child-ek esku hartzeko hiru ardatz zehazten ditu: 1) babesa ematen duten harremanak lantzea, 2) estresa eragiten duten osagaiak murriztea, eta 3) bizitzarako funtsezkoak diren trebeziak lantzea (funtzio exekutiboa, autoerregulazioa, ikaskuntza…), eta horretarako aldamiajea eskaintzea (eredu onak, laguntza, praktikatzeko benetako aukerak).
Hobekuntzak nekez etorriko dira goitik beherako estrategia baten ondorioz, Center on Developing Child-ek dioenez. Tokian tokiko komunitateen ekimena, ordea, oso eraginkorra da, betiere ebidentzia zientifikoak aintzat hartzen dituenean. Diagnostiko soila gainditzea ere ezinbestekoa da. Zientzian oinarritutako ekimen eraginkorrak abiarazi behar dira. Horrez gain, ezinbestekoa da ekimen guztiak ebaluatzea, bai osasunari dagokionez bai ikaskuntzari dagokionez.
Bizitzaren lehenengo urteak funtsezkoak dira desberdinkeria sozialaren zamari aurre egiteko.
Egilea: Harkaitz Zubiri