Egoera sozioekonomiko txarreko eremuetako eskolek erronka sakonak aurkeztu ohi dituzte arrakasta akademikoa eta bizikidetza positiboa lortzeko. Eskola-porrota, absentismo-indize altuak, gatazka ugariak eta familia eta eskolaren arteko lankidetza urria. Hori gertatzen da kasu askotan, eta egoera okerren ondorioak pairatzen dituztenak umeak dira. Zorionez, nazioartean arrakasta erakusten ari den eskola-eredua, ikas komunitatea hain zuzen ere, egoera horiek eraldatzen ari da mundu osoko eskola askotan. 

Horixe da Valentziako Santiago Apóstol eskolaren kasua, 2010. urtean ikas komunitate bihurtzea erabaki baitzuen. Horretarako, irakasle, familia zein komunitate-kide ororen iritzia eta nahiak kontuan hartu ziren. Ikasteko eredu dialogikoari jarraituz, eskola, familia eta ikasle guztien hitza eta iritziak ardatz bilakatu ziren, eta orain dela hamar urte zeuzkaten arazoak desagerrarazi dituzte. 

Eraldaketa horri esker, Valentziako Nazioarteko Unibertsitateko Saria jaso du eskolak aurten, sariaren web-orrian diotenez, testuinguru konplexuan. Eskolaren bihotzean honako helburu hauek daude: gatazkak murriztea, familien parte-hartzea sustatzea, errendimendu akademikoa hobetzea eta absentismoa gutxitzea. Hori errealitate bihurtzeko, eredu dialogikoarekin bat etorriz, bizikidetzako batzorde mistoak, asanbladak eta denen artean adostutako bizikidetza-plana bultzatzen dituzte. 

Aipatzekoa da ikasleek erabakiak hartzeko prozesu guztietan parte hartzen dutela: asanblada orokorrean, ordezkarien eta bizikidetzarako batzordeetan, solasaldi dialogikoetan, jolastokiko ekintzen antolaketan eta eskolako irratiaren programazioan. 

Halaber, irakasleen formakuntzak ere berebiziko garrantzia du. Irakasleria gatazken kudeaketa dialogikoan prestatzen da, eta espazio hori familiei ere irekitzen zaie. Aurtengo aitorpen horrek 200 ikasle, 13 irakasle eta 150 familiaren konpromisoa nabarmendu du. Esperientzia horrek momentu honetan egoera larriei aurre egin behar dieten bestelako eskolei itxaropena ematen die; izan ere, batek ahal badu, besteek ere ereduari jarrai liezaiokete, ikasle ororen kalitatezko hezkuntzarako eskubidea bermatzearren.