Eskolek umeen bizitzetan duten inpaktu handia kontuan hartuta, ezagutu beharra dago nola lagundu diezaieketen egoera psikosozial txarretan dauden ikasleei. Ezaugarri indibidual eta familiarretatik haratago, eskolaren eta ikasleen portaeraren arteko erlazioa hobeto ezagutzearen beharra azpimarratzen du literatura zientifikoak. Ildo horretatik, Jackie Sanders eta kideek aztertu dute eskola-bazterketaren eta justizia kriminaleko sisteman sartzearen arteko erlazioa, eta eskolatik kartzelarako bidea kontzeptuaren bidez azaldu dute.
Ikertzaileek azaltzen dutenez, eskola-eteteak eta kanporatzeak bezalako diziplinek ikasle batzuen marjinalizazio-egoera are gehiago kaltetu dezakete; ikasle horiek, gero, jarduera arriskutsuak dituzten lagun-taldeekin bat egiten dute, eta, askotan, justizia kriminaleko sisteman amaitzen dute. Hala, 15-18 urteko 495 gaztek parte hartu zuten ikerketan, haurtzaroan egoera latzak pasatu zituztenak, eta, galdetegien bidez, eskola-esklusioa, aparteko laguntza akademikoak, eskolaren arriskua, auzoaren arriskua, lagun-talde negatiboak, arrisku indibidualak eta sistema kriminalean inplikatzea aztertu ziren.
Emaitzen artean, azpimarratzen da eskola-bazterketak edozein faktorek baino eragin handiagoa duela delinkuentzian sartzean, eta erlazio zuzena dagoela eskola-bazterketaren eta justizia kriminaleko sisteman sartzearen artean. Bestalde, auzoarekin lotutako arriskuek eta laguntza akademikoak ez zuten korrelaziorik erakutsi delinkuentziarekin. Azken faktore horren inguruan gehiago ikertu beharra dagoela aitortzen dute ikertzaileek, estrategia efektiboak bilatzeko.
Hala, argi ikusten da eskolek duten potentziala ikasle horien arriskuak txikitzeko. Eskolek, ikasleen beharrak asetzen dituzten ikaskuntza-giroak sortuz, egoera psikosozial arriskutsuetan dauden ikasleen egoera eta etorkizuna erabat alda dezakete. Ikaskuntza-giro horiek inklusioan oinarrituta egon behar direla azpimarratzen dute ikertzaileek, eta eskola-bazterketa alde batera utzi behar dutela. Berdinen arteko espazioak sortu beharra dago, arrakasta izateko aukerak emanez eta ingurune osasuntsu eta prosozialaren kide izatearen sentimendua sustatuz.