Aurten 24 urte betetzen ditu Eskoziako Umeen Legebiltzarrak, umeen benetako parte-hartzea sustatzen eta lortzen duen bikaintasun-zentroak. Eskoletara, etxeetara zein komunitateetara zabaldu daitezkeen aldaketen parte izan daitezke haurrak; izan ere, haien eskubidea da. Hartara, Umeen Legebiltzarrak, herri osoko umeak bildu eta parte hartzen laguntzen duten dinamiken bidez, haien kezkak, beharrak eta iritziak jasotzeko helburua du. 

Horretarako, gai zehatzei buruzko eztabaidak mantentzen dituzte, eta eztabaida-saioak  ume guztien ahotsak entzutera eta jasotzera bideratuta daude. Haur guztien ongizatea lehentasuna da; hartara, edozein biltzar hasi baino lehen, hasierako tarteak norbera nola sentitzen den partekatzeko balio du, nahi izanez gero. Ondoren, dagokion gaia eztabaidatzeari ekiten diote. 

Orain arte eztabaidatu dituzten azkeneko gaien artean, Alkoholik Gabeko Haurtzaroa proiektua dago. Bertan, hiru eskolatako lehen hezkuntzako ikasleak horretan aritu dira, umeen ahotsak alkoholekin zerikusia duen kaltetarako prebentziozko neurrien muinean jarriz. Ateratako proposamenen artean, supermerkatuan alkoholik ez saltzea, autobus geltokietako iragarkiak alkoholaren aldekoak ez izatea edota kalean edatea debekatzea daude. 

Adosten dituzten ideiak eta proposamenak Eskoziako Gobernura, lekuan lekuko agintaritzetara eta bestelako organoetara heltzen dira. Nazioarteko, bertako eta auzoko elkarteek Haurren Legebiltzarra babesten dute bere eginkizun nagusian: umeen ahotsak eztabaida sozialetan aktiboki jaso eta kontuan hartzea.  

Egilea: Andrea Khalfaoui

Andrea 2017