Erreserba kognitiboa, burmuinaren inprobisatzeko gaitasuna da. Ezusteko zailtasunen aurrean bide alternatiboak bilatzeko trebezia. Ohiko funtzionamendua aldatzeko eta ez-ohiko baliabideak erabiltzeko ahalmena. Kontzeptu hau 1980ko hamarkadan hasi ziren garatzen, zenbait autopsietan espero ez zutena aurkitu zutenean: bizirik zeudenean dementziarik izan ez zuten hainbat pertsonen burmuinetan alzheimarra izatearen zantzu garbiak topatu zituzten, eta ondorioztatu zuten burmuin horiek gai izan zirela alzheimarrak eragiten dituen kalteei iskin egiteko: hau da, alzheimerrak burmuinean gabeziak sortu zizkienean, gai izan zirela baliabide alternatiboak erabiltzeko.
Bizitzan zailtasunak edo ezustekoak sortzen direnean, erreserba kognitiboak asko lagundu dezake funtzio kognitiboak martxan mantentzen. Funtzio kognitiboak dira ikastea, pentsatzea, arrazoitzea, arazoak konpontzea eta erabakiak hartzea. Era berean, buruko zenbait gaixotasun (antsietatea, depresioa…) prebenitzeko eraginkorra da erreserba kognitiboa.
Baina tartean badago beste faktore bat erabakiorra izan daitekeena: bizitzan egiten ditugun gauzei ematen diegun zentzua (meaning in life). Ideia honek barne hartzen ditu beste hiru kontzeptu: 1) helburuak bizitzan (purpose in life): motibazioa pizten duten epe luzerako helburuak; 2) koherentzia sentimendua (coherence in life): zentzuzkoak iruditzen zaizkigun gauzak egiteko trebezia, norberaren bizitza ulertzea, norberarengandik kanpoko mundua eta norberak mundu horretan daukan lekua; eta 3) bizitzarekiko atxikimendua (engagement with life): norberak daukan bizitzak asetzen duela sentitzea. Osagai hauek guztiek elkarrekiko zer harreman duten aztertu dute UB, UAB eta Harvard unibertsitateetako zenbait ikertzailek (horien artean dago Harvard-eko Álvaro Pascual-Leone) Barcelona Brain Health Initiative ekimenaren baitan.
Ondorioztatu dute helburuak bizitzan argi izatea, koherentzia sentimendua eta bizitzarekiko atxikimendua elkarrekiko oso estuki lotuta daudela, eta, gainera, harremana dutela pentsamendu ezkor gutxiago izatearekin eta osasun mental hobea izatearekin (estres, antsietate eta depresio adierazpen gutxiago izatearekin). Era berean, funtzio kognitibo biziagoak izatearekin lotuta daude. Halaber, emaitzek erakusten dute erreserba kognitiboak eta funtzio kognitiboak elkarrekiko harremana dutela, baina, aldi berean, emaitzek iradokitzen dute harreman horretan eragin zuzena dutela bizitzaren esanahia eraikitzen duten alderdiek. Hau da, badirudi bizitzari ematen diogun zentzuak nabarmen baldintzatzen duela erreserba kognitiboak eta funtzio kognitiboak daukaten ahalmena.
Neurozientziaren arloko zenbait ikerketekin bat datoz ondorio horiek. Dirudienez, zenbait sistema eta eremu neuronal partekatzen dituzte erreserba kogntiboak eta bizitzaren zentzuaren eraikuntzak. Are gehiago, bietako batean eskuhartzeak bestearengan eragina izan dezake.
Beraz, nola indartu burmuina bizitzako zailtasunei eta ezustekoei aurre egiteko? Hiru osagaiek elkarrekiko harreman estua duten heinean, eraginkorra da hainbat eremu lantzea; ezagutza instrumentala, balioak eta harremanak. Burmuin indartsuagoa eta osasuntsuagoa lantzen ariko gara.
Egilea: Harkaitz Zubiri