Egun zail hauetan, eskolak eta haur-eskolak itxita eta haur txikiak etxean daude, eta askorentzat umeen egunerokotasuna bermatzea da erronka nagusia. Hori dela eta, Harvard Unibertsitateko adituek etxeko txikienekin eguneroko estruktura, errutinak eta garapen zein ikasketarako osasungarriak diren ohiturak mantentzeko gida argitaratu du. 

Bertan, garai honetan gure txikienekin hitz egiteko iradokizunak partekatzen dira, umeen ongizatea eta euren garapena gelditu ez daitezen, bai eta beldurrak edo kezkak maneiatzeko eta gaitasun sozial garrantzitsuenak landu eta sustatzeko ere.

Gidak azpimarratzen dituen puntu garrantzitsuenen artean, ordutegi finko bat sortzea dago, non eskolan egin ohi dituzten ekintza motak konbinatzen diren. Modu horretan, umeek egunean zehar gertatuko diren ekintzak aurreikus ditzakete. Adibidez, hamaiketakoa, eskuak garbitzea, denbora librea eta ikasteko mementoak.

Familiako errutinak mantentzea, jatorduetan adibidez, komenigarria dela diote adituek. Bestalde, derrigorrean aldatu beharreko ekintzak moldatzea ere proposatzen dute: arratsaldeetan kirola edo dantza ikastaroa izanez gero, etxean horiek moldatzea komeniko litzateke, ahal den neurrian.

Helduen ongizatea zaintzea ere oso garrantzitsua da umeak behar den bezala zaindu ahal izateko. Horretarako, bakarkako denbora-tarteak gordetzea iradokitzen du gidak (bainu bat hartzeko, edo lagunei telefonoz deitzeko, adibidez). Garai berezi hauetan umeak lagunekin eta bestelako senideekin konektatuta mantentzea ere proposatzen da, teknologiek eskaintzen dizkiguten aukera anitzak aprobetxatuz.

Teknologiek eskaintzen dizkiguten aukeren artean, egoeraren garapenari buruzko informazio ofiziala lortzea ere badago. Horretarako, OMEk martxan jarri du WhatsApp aplikazioaren bidezko laguntza-linea bat, non kezkak edo zalantzak kontsultatu ditzakegun doan.

Egilea: Kaiera

Kaiera Logo (K)