Irakurketa partekatuaren onurak Autismoaren Espektroko Nahasteak dituzten umeengan

Autismoaren Espektroko Nahasteak (AEN) dituzten umeek atzerapenak izan ohi dituzte hizkuntza- eta alfabetatze-gaitasunen garapen goiztiarrean, AENrik ez duten beste umeekin konparatuta. Konkretuki, hizkuntza-ulermena, komunikazio espresiboa (umeek hasitako ekintza komunikatiboak) eta material inprimatuei buruzko kontzientzia (hizkuntza idatziarekin lotuta, besteak beste) dira alderdi kaltetuenak. Alfabetatze-gaitasun goiztiarrak eskuratzeak geroago alfabetatze-gaitasun konbentzionalak garatzea dakar; horiek ez garatzea, aldiz, etorkizuneko alfabetatze-emaitza txarrekin lotzen da. 

Azken urteetan erakutsi da hizkuntza-gaitasun goiztiarrak lantzeko estrategia garrantzitsu bat irakurketa partekatua dela. Estrategia horren bidez heldu batek ozen irakurtzen du eta umearekin interakzioan aritzen da: galderak egiten ditu, istorioa komentatu… Garapen tipikoa duten umeengan irakurketa partekatuak dituen onurak ikusita, gero eta interes handiagoa dago AEN duten umeentzat ere horrelako estrategiekin diseinatutako interbentzioak ezagutzeko. Hala, Boyle eta kideek 2019an berrikuspen sistematiko bat egin zuten jakiteko zein diren irakurketa partekatuaren efektuak AEN duten umeen alfabetatze-gaitasunen garapenean. Horretarako, gaiari buruzko 735 artikulu berrikusi eta gero, 11 artikulu kodifikatu eta sakonki aztertu zituzten.

Oro har, irakurketa partekatuan oinarritutako esku-hartzeek AEN duten umeengan efektu positiboak dituztela ondorioztatu zen. Onurak 2 eta 14 urte bitarteko umeengan ikusi ziren, eta gurasoak, irakasleak edota ikertzaileak izan dira interbentzioak aurrera eramaten dituztenak. Bestalde, irakurketa partekatuaren inpaktua nabariagoa izan zen entzumenean, parte-hartzean eta jokaera komunikatibo eta ez-komunikatiboetan (hala nola orrialdeak pasatzea). Komunikazio espresiboari dagokionez, interbentzioen efektuak txikiagoak izan ziren. 

Beraz, ikertzaileek irakasle eta gurasoei gomendatzen diete irakurketa partekatua praktikan jartzeko AEN duten umeekin. Horretarako, kontuan hartu behar dute irakurtzean pausak egin behar dituztela, umeen parte-hartzea sustatzeko, eta gomendagarria dela galderak egitea. Era berean, testuetan gertatzen ari dena bizitzako esperientziekin lotzea eta umeen erantzunak zabaltzen saiatzea ere gomendagarria da.

Egilea: Ane Lopez de Aguileta

IMG-4251

Be the first to comment on "Irakurketa partekatuaren onurak Autismoaren Espektroko Nahasteak dituzten umeengan"

Leave a comment

Your email address will not be published.


*