Inklusioa egun hezkuntza-arloko eztabaidan dagoen gaia dugu. Ez dago eskolarik “inklusio” hitza bere Eskolako Proiektuan edo balioetan aipatzen ez duenik. Baina, nola sentitzen dira haurreskoletako irakasleak eta zer-nolako iritzia daukate desgaitasunak dituzten umeak gela arruntetan parte hartzeari buruz? Eta, zer dago irakasleen pentsamendu eta sentimendu horien oinarrian?
Bi galdera horiei erantzuna emateko, Seong Yeong Yu eta Hyejin Park (2020) adituek ikerketa bat egin dute, haurreskola bateko 90 irakasleei galdeketa bat eginez.
Galdeketa egin eta erantzunak aztertu eta gero, hainbat ondoriotara ailegatu ziren. Lehendabizi, irakasleen gehiengoak desgaitasunak dauzkaten umeak gela arruntetan egon beharko liratekeela baieztatu zuen. Eskolan egonez gero, kide guztiekin harremanak egiteko gaitasun handiagoa izango dutela uste dute parte-hartzaileek. Bestetik, galdeketa batzuetan irakasleek zalantzak edo ziurtasun-gabezia adierazi zuten, eta desgaitasunak dituzten umeekin euskarri edo laguntza gehiago behar dutela aipatu zuten.
Sentimendu-nahaste horrek agerian uzten du desgaitasunak dituzten umeen eskubideak oraindik ere batzuetan ez direla guztiz errespetatzen. Horregatik, adituek aipatzen dute irakasleek pedagogia-trebetasunak behar dituztela pentsaeran, jakintzan eta gaitasun-praktika eredu aproposak erabiltzeko eta inklusioa lortzeko.
Modu berean, aipatzekoa da irakasleek aldez aurretik bizi izandako esperientzia pertsonalek ere (familiek emandako eredua, zeharkako esperientziak edo umeen ingurunea) euren pentsaerak edo jarrerak baldintzatzen dituztela.
Ondorioz, irakasleen inklusioarekiko jarrera baikorra aldez aurreko baldintza garrantzitsua da benetako inklusioa lortzeko.
Egilea: Patricia Peña