Matematika karta-jokoek ume txikien ezagutza matematikoan laguntzen dute

Jakina da etxeko esperientziek umeen garapen matematikoan lagundu dezaketela. Beste ezagutza esparruekin gertatu ohi den antzera, jakintza matematikoaren garapena ere ezberdina dela diote ikerketek maila sozioekonomiko  baxuko testuinguruan dauden umeen artean. 

Egoera sozioekonomiko baxuetan hazten diren umeek batez beste zazpi hilabeteko atzerapena erakusten dute jakintza matematikoan, maila sozioekonomiko altuan hazten diren umeekin konparatuta. Horrekin lotuta, jakin badakigu etxeko giroak eta esperientziak berebiziko garrantzia dutela umeen garapenean, eta hala gertatzen da matematika-gaitasun goiztiarrari dagokionez. Gauzak horrela, Geetha B. Ramani eta Nicole R. Scalise ikertzaileek maila sozioekonomiko baxuko umeen jakintza matematikoa sustatzeko txartel-joko matematiko batzuen eragina ikertu dute. 

Izan ere, etxeko testuinguruak ume txikien jakintza matematikoan aurrera egiten laguntzeko  duen potentziala ez da sakonki aztertu. Hartara, Ramanik eta Scalisek matematika lantzen duten karta-jokoek umeen ezagutza matematikoan duten eragina aztertu zuten, honako eremu hauetan zentratuz: kontatzea, zenbakien identifikazioa eta zenbakien magnitudeen ezagutza. 

Horretarako, maila sozioekonomiko eta testuinguru anitzeko hiru eta bost urte bitarteko 39 umek eta euren familiek parte hartu zuten ikerketan. Ikertzaileek karta-joko ezberdinak eman zizkieten familiei, eta arauak komentatu zituzten gurasoek umeekin etxean jokatu zezaten. Jokoekin hasi aurretik, umeen jakintza matematikoa ebaluatu zen, eta sei hilabeteren buruan ebaluazio berberak umeen hobekuntza agerian utzi zuen. 

Emaitzek diotenez, karta-joko matematikoen bidez umeek hainbat alderdi matematikotan  hobetu zuten: formak eta koloreak erlazionatzen, forma geometrikoen identifikazioan eta izendatzean. Emaitza horiek iradokitzen dute matematikako karta-jokoak oso lagungarriak direla ez bakarrik zenbakien izenak eta magnitudeak ikasteko, baizik eta oinarrizko gaitasun geometrikoetan aurrera egiteko ere bai. Horrekin batera, familiek umeekin joko mota horien inguruan ematen duten denbora garrantzitsua dela aurreratzen digute Ramanik eta Scalisek, baina horren inguruan ez da oraindik sakonki ikertu. 

Karta-joko matematikoen erabilera oso sinplea eta onuragarria da eta horien erabilera sustatu behar da, egoera zailetan daudenenekin bereziki. Izan ere, adin goiztiarretatik arrakasta akademikoan lagundu dezakete, geroagoko ibilbide akademiko arrakastatsua eskuragarri izan dezaten.

Egilea: Andrea Khalfaoui

Andrea k

Be the first to comment on "Matematika karta-jokoek ume txikien ezagutza matematikoan laguntzen dute"

Leave a comment

Your email address will not be published.


*