15 urterekin lortutako emaitzen garrantzia etorkizunean unibertsitatean ikasteko

Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Antolakundeak (OECD ingelesez), 2019ko abuztuan, unibertsitatera joan ez diren gurasoen seme-alaben hezkuntza-mobilitateari buruzko txostena argitara eman du. Txostenaren arabera, desabantaila-egoeran dauden ikasle horiek unibertsitate-ikasketak bukatzeko aukera handiagoa dute 15 urterekin emaitza onak lortuz gero.

Txostenaren oinarrian, nazioarteko bi ebaluazio daude: PISA (Programme for International Student Assessment) ebaluazioa, 15 urteko ikasleei egiten zaien proba, eta  PIAAC (Programme For The International Assessment of Adult Competencies), 26-65 urteko nagusiei egiten zaien galdetegia.

Ikerketa longitudinala egin eta gero, honako hau ikusi dute: desabantaila sozioekonomikoak zituzten 15 urteko ikasleek probabilitate gehiago zeukaten 25 urterekin unibertsitatea bukatzeko 2000. urtean PISA proba emaitza altuekin gainditu bazuten, emaitza txarrak zituzten abantailadun ikasleek baino.

Azaldutako ideiarekin batera, beste kontu garrantzitsu bi azpimarratzen du OECDren txostenak: hezkuntza-eskaintza gero eta zabalagoa da eta, politika egokiak bideratuz, gazteek, bereziki ikuspegi sozioekonomikotik egoera ahulean dauden ikasleek, aukera daukate euren gurasoek baino urte gehiago ikasteko eta goi mailako ikasketak egiteko. Dena den, familien maila sozioekonomikoak eragina izaten jarraitzen du ikasleen ikasketa-arrakastan. OECDk egindako beste ikerketa batean, “Equity in Education. Breaking Down Barriers to Social Mobility” izenekoan, ekitaterik eza aztertu eta gero, horri aurre egiteko garatu behar diren bi faktore aipatzen dira bereziki: hezkuntza-politikak eta -praktikak.

Argi adierazten digu 2015ean egindako PISA frogak: egoera behartsuan dauden ikasleen artean, azterketa maila onean bete zuten ikasleen ehunekoa askoz baxuagoa da, egoera sozioekonomiko altuko ikasleak direnen eta azterketa maila apalean bete zutenen ehunekoa baino. 

Hala ere,ezaugarri oso desberdinak dituzten herrialdeen egoera azterturik, egoera sozialak hezkuntza-arrakastan duen eragina asko aldatzen da herrialde batetik bestera, eta horrek erakusten du ikasleen giza jatorriak ez duela baldintzatzen arrakasta ikasketetan. Hau da, inguru behartsuetatik datozen ikasleek ez daukate zergatik emaitza txarragoak izan. Honela ikusi da hezkuntza sistema anitzetan: Estonia, Hong Kong, Shanghai eta Vietnamen, adibidez, inguru kaltetuetatik datozen ikasleek emaitza hobeak lortzen dituzte beste herrialde bateko ikasle abantailadunek baino. Asko ikasteko dugu ekitate handia daukaten hezkuntza sistema horietatik ikasle guztiei kalitate handiko hezkuntza bermatzen baitzaie. Argi dago hezkuntza-politiken eta -praktiken aldaketak egin behar direla gure sistemetan eta horretarako hainbat alderdi hobetu behar dira: giza baliabideak, irakasleen eta gurasoen arteko harremanak, gurasoen partaidetza, ikasteko testuinguru positiboa, interakzioak bultzatzeko jarduerak, kideen arteko laguntza, segurtasuna, berdintasuna, eta abar. Horretarako administrazioak asmo handiko helburuak jarri behar ditu desabantailan dauden ikasleen jarraipena egiteko eta behar dituzten baliabideak eskaintzeko, eta bideak jarri beharko ditu, ikasleen beharrak identifikatzen eta geletako aniztasuna ondo kudeatzen,  irakasleak trebatzeko.  

Dudarik gabe,  aldaketa eta berrikuntza guztiak  erantzukizunez eginda, hau da, ebidentzia zientifikoetan oinarrituta, beste herrialde batzuetan bezalaxe, ikasle behartsuen ibilbide akademikoak luzeagoak eta emankorragoak izango dira.

Egilea: Jon Salinas

Jon_argazk

Be the first to comment on "15 urterekin lortutako emaitzen garrantzia etorkizunean unibertsitatean ikasteko"

Leave a comment

Your email address will not be published.


*