Eztabaida: Ipuinak aldatu?

Gabonak iritsi dira jada. Konturatu baino lehen, hurrengo astearen bueltan dauzkagu berriz ere magiaz eta ilusioz beteriko egunak. Hala da, bereziki, umeentzat. Olentzero, Papa Noel, Santa Claus, Caganet… Izen eta itxura ezberdinei helaraziko dizkiete umeek haien ametsak eta desioak eskutitzen bidez. Eskatzen diren oparien artean, ohikoa da ipuinen bat edo beste agertzea zuhaitz azpian. Baina, zer motatako ipuinak? Ipuinen sexismoa dela edo ez dela, eztabaidan jarri nahi izan dugu Diario Feministatik eskuratutako artikulu honetan.   

Eztabaida honetan, Mercedes Cebriánek ipuinak mantentzea defendatzen du, haien aberastasunagatik nahiz irekitzen diguten aukeren, ezagutzen eta hausnarketen munduagatik. Estibaliz Linaresek, ostera, ipuinak aldatu behar direla planteatzen du, emakumezkoen imajinarioa kaltetu dutelako, eta emakumeak eta neskak mendekotasun emozionaleko egoeran eta sumisio-egoeran jartzen dituztelako.

Ez ditzagun ipuinak aldatu

Mercedes Cebrián.

Estibaliz-Linares

Txikitan Richmal Crompton britainiarrak idatzitako Guillermo Brown eta bere lagun-taldearen istorioen zalea nintzen. Gazteleraz Molino argitaletxeak argitaratutako azal gorriko liburu horietan ez neukan beste aukerarik: Guillermorekin bat egiten nuen bete-betean, izan ere, heroi protagonista zenez, harenak ziren abentura dibertigarri eta kitzikagarrienak. Haren pasadizoak besaulki belarridunean edo habia-ohean irakurri ohi nituen, eta han haren lagunetako bat nintzen, taldeko kide guztiak mutilak izan arren.

Beste aukera Violeta Isabelen pertsonaiaren gertuko sentitzea zen; hain zuzen, neska pinpirin horrek negarra erabiltzen zuen arma gisa, eta gizontxo-taldearen dibertsioa hondatzen zuen bildumako liburu guztietan.  Nik ere ez nuen Violeta Isabel bat ere gogoko, Guillermok eta bere lagunek ere gogoko ez zuten bezala. Horregatik, gaur liburu horiek egungo neska-mutilei emateko erabiltzen dituenak erantzukizun handiko aukera du: narrazio horiek idatzi zireneko testuingurua azaltzea, haiek gaitzesteko edo leuntzeko beharrik gabe. Haurrentzako fikzio horiei egun heltzeko modua ez litzateke asko urrundu beharko irakasleek eta argitaratzaileek, helduak edo haurrak garela, Cantar del Mío Cid edo La Celestina lanetara gerturatzen garenean ematen diguten laguntzatik. Lan haietako hizkuntza aspaldikoa iruditzen zaigu, eta pertsonaiek elkarren artean ezartzen dituzten harremanak ere aspaldikoak iruditzen zaizkigu, basailutza arrunta zeneko gizarte feudalaren berezkoak baitira. Horregatik eskertzen ditugu historialarien edo filologoen iruzkinak dituzten edizioak. 

Guillermo Brown eta Violeta Isabel fikziozko pertsonaiak bizi eta hazi zireneko testuingurua azaltzea –20ko eta 50eko hamarkaden arteko Europa, nagusiki– lagungarria izango da esfera bereizien sistema nagusi zeneko gizartea ulertzeko, non mutilek ez zekiten haien adineko neskekin harremana izaten, inork ez zituelako horretara bultzatzen. «Ez zaizkit neskatoak gustatzen», esaten zuen Guillermok Violeta Isabelek jolasean aritzeko gonbita egiten zionean. Orduan, neskak negarrez hasteko mehatxua egiten zion, eta horrek Guillermo ikaratzen zuen. Haien desberdintasunetatik ikasi beharrean, sistemak erabat aldentzen zituen: Guillermori ikara eragiten zion Violeta Isabelek gainerakoen arbuioaren aurrean erabiltzeko ikasi zuen defentsa-mekanismo bakarrak.

Zein aukera bikaina dugun hemen, egoera aztertu ondoren, konturatzeko guztiek, pertsonaiak asmatu zituen idazleak berak ere, zituztela egitura gogor eta aldagaitzeko gizarte jainkotiar horretan bizitzeko zailtasunak. Memento ona da optimista izateko XXI. mendean lortu diren aurrerapenengatik. Hala, zoroa iruditzen zait jatorrizko testuak berrikustearen ideia; aitzitik, ondo iruditzen zait hitzaurrea edo lan-materiala gehitzea irakurle gazte horiei laguntzeko haien gizartearen iragan hurbila ulertzen, baita aldaketa sozial horiek ahalbidetu dituzten eragileak balioesten ere. Eta, horrela, Guillermoren abenturak irakurriz dibertitu ahalko dira, ni bere garaian dibertitu nintzen bezala.

Ipuin-hausgarriak eskemak berreraikitzeko

Estibaliz Linares

mercedes2

Ipuinek jakintzak eta ohiturak transmititzen dituzte. Ikasteko lehen tresnak dira, eta, hortaz, gugandik espero diren eskemekin eta ereduekin sozializatzeko eta harremana izateko lehen eragileetakoak ere bai.

Haurrak irudikatzera eta amestera bultzatzen dituzten munduen aniztasun handia egon den arren, egia da, kasu gehienetan, modu dikotomikoan lerrokatuta zeudela. Hala, ohikoa da ipuinetan printzesa sentiberak, oso ederrak eta erreskatatuko dituzten printzeen zain daudenak aurkitzea, edo jango dituen «otso» bat agertzearen beldur diren neskatoak. Mezu horiek, zalantzarik gabe, emakumezkoen imajinarioa kaltetu dute, eta mendekotasun emozionalera eta sumisio-egoerara mugatzen dituzte. Era berean, gizonezkoen pribilegioak iraunarazten dituzte eta maskulinitate-profil nahiko toxikoa dakarte.

Baina, ipuina aldatuko bagenu? Eta Edurnezurik bere sexualitate esploratuko balu? Eta Txanogorritxu abenturazale amorratua izango balitz? Eta Errauskinek dagoeneko kalabazan sartu nahiko ez balu? Eta printzeak musukatuko balu igel «mutila»? Errealitate dibergentea irudikatuko litzateke, ezarritakoa desegituratuko lukeena. Hots, ipuinak indarkeria matxistak prebenitzeko mekanismoak izan ahalko lirateke, baita sentsibilizaziorako tresnak eta genero alternatiboko eskemen nahiz identitateen sustatzaileak ere.

Hainbat argitaletxek eta egilek egin duten bezala, ipuinak deseraiki eta istorio dibergenteak eraikitzeak pentsarazi eta sinestarazten du gure errealitatea ere diseina dezakegula, deseraiki ere egin dezakegula eta, hortaz, aldaketen eta eraldaketa sozialaren eragileak ere izan gaitezkeela. Prozesu sinbolikoa da, eta lagundu egiten du gizateria nahiz gizakien jarrerak berriz pentsatzen eta, era berean, errealitate zuzenagoa sortzeko aukera ematen duten ezagutzak eta jakintzak helarazten. Beraz, mugatzen duten eskemak hausten dituzten ipuin-hausgarriekin jarraitzera bultzatzen zaituztet.

.

Be the first to comment on "Eztabaida: Ipuinak aldatu?"

Leave a comment

Your email address will not be published.


*