Hezkuntza-komunitatearen garrantzia babesgabetasun-egoerak pairatu dituzten ikasleen eskola-arrakastan

Babesgabetasun-egoerak jasan dituzten eta gaur egun egoitza-zentroetan bizi diren haur eta nerabeak ikasle ikusezin eta eskola porrota jasateko talde gisa identifikatu dituzte. 

Ikusezintasuna arriskutsua da. Maiz, hezkuntza-komunitateko kideek ez dakite euren ikasleetako bat instituzioek artatutako adingabea dela. Gainera, ikasle horiek jasan dituzten babesgabetasun-egoerengatik, jokabide ulergaitzak izan ohi dituzte ikasgelan, eta erronka konplexuak sortzen dira eurentzat zein haien hezkuntzaz arduratzen diren komunitateko kideentzat. Alabaina, urriak dira ikasle horien iritziak aztertzen dituzten ikerketak, zehazki, ikasleek beren hezkuntza-aurrerabidearen eta lorpenen inguruan dituzten pertzepzioei buruzkoak. 

George Fox Unibertsitateko Brenda Morton-ek ikerketa interesgarri bat plazaratu du  horri buruz. Babesgabetasun-egoerak jasan dituzten eta adingabeen egoitzetan bizi izan diren ikasleei hitza ematen die ikerketa horrek. Ikerketaren xede nagusia honako ikerketa-galdera honi erantzutea izan zen: zer laguntza, tresna edo estrategia erabili dituzte adingabeen egoitzetan bizi izan diren ikasleek eskola-arrakasta lortzeko? 

Ikerlanean 11 lagun elkarrizketatu zituzten, galdera berdinez osatutako sakoneko elkarrizketaren teknikaren bitartez. Batik bat, familia, eskola, komunitatea eta erresilientzia izan zituzten aztergai. Honako hauek dira, besteak beste, ikerketan lortu ziren emaitzak:

  • Parte-hartzaileak harrera-gurasoei buruz mintzatu ziren, eta haiengan aurkitutako babesa, kemena zein sostengu akademikoa azpimarratu zituzten. Gainera, parte-hartzaile gehienek adingabeen babes-sistema garrantzi handiko laguntzatzat zuten. 

  • Eskola babesgune zein segurtasun-eremutzat identifikatu zuten parte-hartzaileek. Eskola-komunitateko agenteek emandako laguntza akademiko zein emozionala nabarmendu zuten, horrek eskola-arrakastan eragin zuzena izan zuelako. Halaber, ikerlariaren hitzetan azpimarratzekoa da parte-hartzaile guztiek aipatu zutela euren bizitzan eragin positibo erabakigarria izan zuen irakasle bat. 

  • Adingabeen egoitzetako hezitzaileen laguntzaren eta sostenguaren garrantzia ikasleen arrakasta akademikoan. 

  • Familian, eskolan zein komunitatean aurkitu zuten laguntzaz gainera, erresilientzia-gaitasunak berebiziko garrantzia izan zuen eskola-arrakastaren lorpenerako.  

Ikerketak agerian ipintzen ditu babesgabetasun-egoerak pairatu dituzten ikasleen iritziz euren eskola-arrakastan eragina izan duten aldagai erabakigarriak: familia, eskola, komunitatea eta erresilientzia. 

Beraz, adingabeen egoitzetan bizi izan diren haur eta nerabe horiek erakusten dute familiak, eskolak eta komunitateak elkarrekin lan egin dezaketela ikasle horien eskola-arrakasta lortzeko. Azken batean, testuinguru abegikorra eskuratzea da garrantzitsuena babesgabetasuna bizi duten edo bizi izan duten ikasle horientzat. Zenbait ikerketak eta esperientzia hezigarrik baieztatzen dute irakasleek zein eskolak ikasleen bizitzak eraldatzeko ahalmena dutela.

Egilea: Ane Olmedillo

Ane-Olmedillo-berasategi-150x150

Be the first to comment on "Hezkuntza-komunitatearen garrantzia babesgabetasun-egoerak pairatu dituzten ikasleen eskola-arrakastan"

Leave a comment

Your email address will not be published.


*