Nagusi edo irakasleon gida gakoa da ikasketa kolaboratiboan

 

Educational Research Review hezkuntza-aldizkari prestigiotsuan lehen hezkuntzako eta bigarren hezkuntzako ikaskuntza kolaboratiboari buruzko berrikusketa sistematikoa argiratu zen 2019ko udan. Oraingo honetan irakaslearen gidak ikaskuntza kolaboratiboan duen eragina aztertu dute, eta badirudi gida horiek funtsezko gakoa direla arrakasta lortzeko.

Egileek, lehenik eta behin, ikaskuntza kolaboratiboa eta kooperatiboa zientzia-arloan antzerako teknikak direla azaltzen dute. Egia da autore batzuek ezberdintasuna azpimarratzen dutela, baina azkenean antzekotasunak ezberdintasunak baino ugariagoak direla baiesten dute.

Ikertzaileek aurkitutako literatura zientifikoaren arabera, honako esku-hartze hauek komenigarriak dira:

  • Ikasleen azalpen luze eta zainduak sustatzea.

  • Lanean kontzentratuta jarraitzeko animatzea.

  • Haien ekarpenak goraipatzea.

  • Lana ebazteko plangintzak egiten erakustea.

  • Euren arteko gatazkak bideratzeko estrategiak erakustea.

  • Lanean hasi aurretik nola kooperatzen den erakustea.

  • Kooperazioaren prozesua ebaluatzea.

  • Elkarrizketa sakonak sustatzeko galdera gakoak egitea.

  • Elkarri laguntzeko eta azaltzeko jarduerak proposatzea.

Berrikusitako ikerketetan kooperazioak hiru fase dituela aipatzen da: kooperatu aurrekoa, bitartekoa eta ondorengoa. Autoreek onartzen duten bezala, berrikusketa horretan kolaborazio-prozesua gertatzen ari den mementoko irakaslearen jardunak duen efektuaz arduratu dira soilik. Ondorio batzuk azpimarratuko ditut. Batetik, gainbegiratutako taldeek emaitza hobeak ateratzen zituztela gainbegiratu gabekoek baino. Bestetik, lanaren edukierari fokua jartzea baino, irakasleak elkarlan-jardueraz arduratzea garrantzitsuagoa dela diote.

Berrikusketan ere emaitza negatiboak izan ditzaketen esku-hartze motak erakusten dira: irakasleak gehiegi gidatzen duenean, taldearen norabidea gehiegi kontrolatzen denean, taldeak irakaslearekiko gehiegizko dependentzia sumatzen duenean edo, alderantziz ere, irakaslea taldean agertzen ez denean, efektuak negatiboak izan ohi dira. Beraz, irakasleak presentzia erakutsi beharko luke, baina betiere ikasleek beren ikasketa-prozesuaren kontrola izan behar dute. Irakasleak laguntzeko prest dagoela jakitera eman beharko luke, baina laguntzarik inposatu gabe.

Aipatzen duten bezala, kolaborazioa gertatzen ari den momentuan irakasleak lan handia dauka taldetik taldera aurrez aipatutako baldintzak bete ahal izateko, baina bada hori guztia bermatzeko dugun beste aukera bat: komunitatearen inplikazioa, hau da, gonbita egin genezake talde bakoitzean komunitateko nagusi bat egon dadin. Nagusi horiek ez lukete gaiari buruzko edukirik jakin behar izango, baizik eta ikasleen arteko elkarreraginak kalitatezkoak izatea bermatu beharko lukete. Berrikusketak talde elkarreragileak aipatzen ez dituen arren, argi dago talde elkarreragileek garrantzitsua den gida hori bermatzeko aukera paregabeak ematen dituztela ikasleen ikaskuntza kalitatezko mailetara eraman ahal izateko.

Egilea: Gontzal Uriarte

foto2 (1)

Be the first to comment on "Nagusi edo irakasleon gida gakoa da ikasketa kolaboratiboan"

Leave a comment

Your email address will not be published.


*