Aurreiritziak murrizteko eta inklusioa lortzeko esku-hartzeak haur hezkuntzan

Jakin badakigu haur-hezkuntzako etapak berebiziko garrantzia duela pertsonen garapen orokorrean. Gaur egungo gizartea gero eta anitzagoa dela eta ezaugarri horrek dakartzan ondorioak kontuan izanik,, Frances E. Aboud,  Colin Tredoux, Linda R. Tropp, Christia Spears Brown, Ulrike Niens eta Noraini M. Noor ikertzaileek kultur aniztasunari buruzko aurreiritziak murrizteko esku-hartzeak aztertu zituzten. Horretarako, 30 urtez gai horren gainean egin diren ikerketa guztien behaketa egin zuten. 

Haurtzaro goiztiarrean dute jatorria aurreiritziek. Lau edo bost urterekin gutxi gorabehera, haurrek jatorri etnikoa dela eta, beste pertsona batzuekiko sinesmen, sentimendu eta balorazio negatiboak izan ditzakete. Portaeraren osagai horri diskriminazio deitu izan zaio, eta etnia ezberdineko pertsonak ezberdin tratatzearekin lotuta dago. Hartara, psikologoak eta hezitzaileak horien prebentzioan zentratu izan ohi dira. 

Aboud eta kideek 32 artikulu zientifiko sakonki aztertu zituzten. Oro har, haurren arteko kontaktu zuzena izatea eta baliabide digitaletan oinarritutako esku-hartzeak zirela arrakastatsuenetarikoak ondorioztatu zuten. Konkretuki, gehiengo kulturaleko umeek gutxiengo kulturaleko umeekin kontaktua izateak efektu positiboa zuela ikusi zuten. Estereotipoak murrizte aldera, berezitasun kulturaletan baino, gizabanakoetan arreta jartzea estrategia eraginkorra zela ikusi zuten ikertzaileek. Horrekin batera, enpatia lantzen zuten esku-hartzeek aurreiritziak gutxitzen laguntzen zuten haur-hezkuntzan, eta gertutasun-sentimendua sustatzen eta egoera orotan arau sozialak gogorarazten zituzten. 

Horren guztiaren efektua indartu egiten zen irakasleek zein bestelako hezitzaileek horrelako jarrerak sustatzen bazituzten. Beraz, estereotipoak haur-hezkuntzan sortzen diren arren, bertan gertatzen diren ekintzek eta gertaerek berebiziko garrantzia dute. Izan ere, aurreiritziak murrizteko aukera ematen duten hainbat esku-hartze daude, aurreko paragrafoetan komentatu direnak orain arte ikerketak identifikatu dituenak baino ez dira.  

Egilea: Andrea Khalfaoui

Andrea 2017

Be the first to comment on "Aurreiritziak murrizteko eta inklusioa lortzeko esku-hartzeak haur hezkuntzan"

Leave a comment

Your email address will not be published.


*