Adin txikiko haurrek jakin-min handia dute beren ingurugiroan gertatzen diren gertakizunekin eta oso jarrera aktiboa erakusten dute fenomeno horien aurrean. Informazio hori eskuratzeko zuzeneko esperientzian oinarritzen dira gehienetan, baina, beste askotan, erantzunik ez lortzean, kanpoko laguntza bilatzen dute. Prozesu horretan galderak egitea funtsezkoa da umeen garapenerako. Galderak egitearen jatorria lehen aipaturiko jakin-min edo kuriositate hori da, non sorrarazten diren zalantzak, batez ere haien interesetatik abiatutakoak, ulertu nahi dituzten. Eskolaurreko ikasleriak galderak egiten ditu arazoak konpontzeko, informazioa eskuratzeko baliabide estrategiko gisa.

Izan ere, hainbat ikerkuntzaren arabera, haurrek galdera burutu aurretik prozesu bat ipintzen dute abian. Prozesu horren lehen fasea iniziazioa da; ikasleak informazio-hutsune bat ikusten du kontzeptu edo gai batekin lotuta. Bigarren fasea formulazioa da, informazioa eskatzean eta erantzun posibleak uztartzean datzana. Adierazpen-fasean, hirugarrenean, galdera egitea merezi duen aztertzen du, testuingurua eta galdera nori bideratuko zaion kontuan hartuz. Azken fasea erantzunaren ebaluazioan datza, hots, emandako informazioa baliagarria den ala ez erabakitzen du, eta bestelako informazioa eskatu behar den neurtu.

Hala, Preschoolers Difficult Questions and Their Teachers Responses ikerketan Turkiako ekialdeko hiri bateko Haur Hezkuntzako 324 irakasleri eginiko elkarrizketetatik, ikasleen galdera zailak eta irakasleen erantzunak aztertu zituzten. Bi galdera egin ziren: “zeintzuk izan dira eskolaurreko haurrek irakasleari eginiko galdera konplexuenak?”; eta “zein erantzun eman zitzaien galdera konplexu horiei?”. Datuak aztertu ostean, galderei dagokienez, lau ataletan banatu ziren: zientzia eta natura; erlijioa; sexua eta ugalkortasuna; eta egunerokotasuna. Bestalde, erantzunen aldetik, bost ataletan antolatu ziren: erantzun errealistak; erantzun eskasak; azalpen okerrak; irakasleak erantzun gabeko galderak; eta garrantzi txikiko galderak.

 

Emaitzei dagokienez, ikusi zen irakasleen erantzunen laurdena bakarrik izan zirela errealistak, gainerakoak ezegokiak izan baitziren ikasleen ikaskuntza sustatzeko. Datu horiek bat datoz gaiari buruz egin diren beste zenbait ikerketarekin; horien arabera, Haur Hezkuntzako irakasleek, galdera zailei erantzun beharrean, saihestu egiten dituzte, ez dute haien iritzia ematen edo erantzuna arintzen saiatzen dira.

Ikerketaren arabera, galderen bidez haurrek ezagutza-egiturak, egitura kontzeptualak eta, helduen antzera, arazoak konpontzeko konpetentziak garatzen dituzte. Bestetik, ikasle bati gai espezifiko bati buruz galderarik ez bazaio bururatzen, hori ikasteko prest ez dagoela esan nahi du. Halaber, ikasleen galderei modu desegokian erantzuteak haien garapena mugatu eta ulerkuntza alboratzen du. Laburbilduz, galderak egitea haurra izatearekin lotzen da, eta haien galderei garrantzi eta seriotasun handiagoa eman behar zaie haien heziketan parte hartzen duten hezitzaile guztien eskutik.

Egilea: Iker Goya

Iker Goya Zapirain