Entzun izan dugu 6-7 urtera arte ez dela irakurtzen ikasten hasi behar. Horrelako baieztapenak arriskutsuak dira benetan. Ikerketek oso garbi utzi digute Haur Hezkuntzan egiten denak berebiziko eragina duela Lehen Hezkuntzako ikasleen irakurtzeko gaitasunean. Esate baterako, Stanford-eko Unibertsitateko Vanesa N. Durand-ek eta bere kideek egin zuten ikerketan, ez zioten zalantzari tarterik utzi. Durand-ek eta bere kideek 3 urteko eta 9-11 urteko haurrak aztertu zituzten.

Irakurtzea ez da trebezia unidimentsionala. Ondo irakurri ahal izateko, trebezia asko uztartu behar dira. Trebezia guztiek ondo funtzionatu behar dute irakurketa eraginkorra izan dadin. Horregatik da hain garrantzitsua txikitatik trebezia horiek guztiak lantzeko kalitatezko aukerak eskaintzea. Durand-en eta bere kideen ikerketan aztergai izan zituzten 3 urtekoen hizkuntza-gaitasunak, hizketa-soinuen heldutasuna eta trebezia kognitiboak, eta, aldi berean, trebezia horiek alderatu egin zituzten 9-11 urtekoen irakurtzeko erraztasunarekin eta irakurritakoaren ulermenarekin. Beste zenbait trebezia ere aztertu izan dira beste hainbat ikerketetan, baina Durand-ek eta bere kideek analizatu zituztenak ere oso esanguratsuak dira.

Ikerketa horrek ondorioztatu zuen 3 urterekin lortzen diren trebezia ugariek lotura estua dutela 9-11 urterekin ikasleek dauzkaten irakurketa-gaitasunekin: 3 urteko umea ondo moldatzen bada  hizkuntza-gaitasunean, hizketa-soinuen heldutasunean eta trebezia kognitiboetan, martxa berean jarraituz gero, litekeena da 9-11 urterekin irakurtzeko erraztasuna izatea eta irakurritakoa ulertzeko trebea izatea. Jakina zen, hizkuntza-maila orokorra ona zenean, baldintza horiek lagundu egiten zutela irakurtzen hobeto ikasten, eta ikerketak berretsi egiten du ebidentzia hori. Bestalde, deigarria da itxuraz irakurketarako trebeziarekin lotura ez duten trebezia kognitiboek benetan zenbaterainoko lotura duten irakurtzeko gaitasunarekin.

Haur Hezkuntzan egiten den lana funtsezkoa da, baita irakurtzen ikasteko ere, eta badakigu irakurtzen ondo ikasteak (edo ez ikasteak) ikaragarri baldintzatzen duela gutako bakoitzaren bizitza.

Egilea: Harkaitz Zubiri

IMG-5117