Umeei hitz egiteko aukerak ematea oso garrantzitsua da hizkuntzaren garapenerako, batez ere lehenengo eskola-urteetan. Ume txikiek hizkuntza garatzeko tresna eraginkorrena, maila sozioekonomikoa edozein dela ere, helduekin elkarrizketak izatea dela erakutsi du zientziak. Hala ere, jakin ere badakigu pobrezia jasaten duten ikasleek desabantaila handiak dituztela alderdi horretan. Horregatik, «How Classroom Conversations Unfold: Exploring Teacher–Child Exchanges During Shared Book Reading» artikuluan, Head Start ikasgeletan (AEBn pobrezian dauden umeei eskaintzen dizkieten zerbitzuak) suertatzen diren irakasle eta ikasleen arteko elkarrekintzak aztertu dira.
Horretarako, galdera irekiak eta itxiak ezberdindu dituzte. Irekien kasuan, ez daukate erantzun egoki bakarra, eta bi hitz baino gehiagoko erantzunak eskatzen dituzte (adibidez, “esan zer ikusten duzun hemen”, “azaldu zer ari den gertatzen”); ikasleei denbora eman behar zaie erantzuteko, eta ekarpena onartu eta gero, idealki, informazio gehiago eman dezakete, irakasle eta ikasleen arteko elkarrekintza sustatzeko eta ikasleak hizkuntza garatzeko. Bestalde, galdera itxiek hitz gutxiko erantzun zuzen bakarra dute. Galdera horiek hizkuntza-garapena gutxiago sustatzen dute.
Ikasleak hitz egitera animatzeko galderak ez dira asko ikusten ikasgeletan, ezta irakurketa partekatuan ere. Ikasgela barneko galdera horiek aztertzeko, Head Start-etako 27 irakaslek parte hartu zuten ikerketan. Emaitzen artean, ikusi zen gutxi zirela irakasleek egindako galdera irekiak irakurketa partekatuan. Batez beste, 3-4 egin zituzten 10 minutuko liburu-irakurketan. Irakasleek egindako galdera gehienak itxiak izan ziren, eta erantzun bakarra jasotzen zuten galdera bakoitzeko. Gainera, umeek ez zuten ia erantzuteko denborarik izaten (2 segundo baino gutxiago izan ohi zuten); beraz, ikasleek bakarrik zeukaten azkar pentsa zezaketen erantzuna emateko aukera.
Beraz, autoreen aburuz, beharrezkoa da galdera irekiak gradualki eta sistematikoki ikasgelan integratzea. Horretarako, garrantzitsu deritzote umeek erantzuteko denbora izateari eta irakaslearen laguntza izateari, adibidez: irakaslearen informazioa, galdera irekia, pentsatzeko denbora, ikaslearen erantzuna, pentsatzeko denbora, irakaslearen feedback-a eta, azkenik, ikasleen erantzun gehiago.
Horretarako, onuragarria izango litzateke irakasleentzat prestakuntza antolatzea partekatzeko giroa nola sor dezaketen ikasteko.
Egilea: Ane López de Aguileta