Autismoa daukaten nerabeak: adiskidetasuna garrantzitsua al da haientzat?

Hainbat ikerketak erakutsi digute Autismo Espektro Nahasmendua (AEN) daukaten pertsonek ere garrantzia ematen diotela adiskidetasunari. Are gehiago, AEN daukaten hainbat pertsonak lagunak izan nahiko lituzketela adierazi ohi dute. Baina ikerketa gutxik aztertu dute adiskidetasun horien garapena eta balioa.

Hori horrela izanik, adiskidetasun-erlazioaren inguruan AEN daukaten nerabeen pertzepzioa aztertu zuten ikerketa kualitatibo batean egin dute O’Hagan eta Hebron ikertzaileek. Bertan, bederatzi pertsonak hartu zuten parte: AEN daukaten hiru nerabek, haien gurasoek eta gertuko irakasleak. Garrantzitsua da azaltzea ikerketa horretan nerabeek zein helduek egindako ekarpenak berdin kontuan hartu zituztela, eta guztien ikuspuntuak errespetuz eta berdintasunez balioetsi zituzten.

Lana hiru arlotan egituratu zen edo hiru ildo izan zituen oinarri gisa.

Aztertu zuten lehenengo gaia adiskidetasunaren esanahia izan zen. Alde batetik, adiskidetasuna zer zen definitzeko eskatu zieten nerabeei. Bertan ikusi zuten parte-hartzaile guztiak gai zirela definizio bat emateko, eta oinarrizko lagunen arteko jarrerak ere adierazi zituzten. Hala ere, nerabeek ez zuten adiskidetasunaren dimentsio hauek aipatu: estimua, intimitatea eta lagunartekotasuna. Horrek azaldu dezake beraien gurasoen eta irakasleen iritziz, adiskidetasunaren esangura desberdina izan daitekeela AEN daukaten eta ez daukaten pertsonen artean. Beste aldetik, ikasleek oso definizio egokia egin arren, gerta daiteke hori ikasita izatea eta haien eguneroko erlazioetan horrela ez aplikatzea.

Ondoren, nerabe bakoitzak zeukan adiskidetasunaren izaera aztertu zuten ikertzaileek, horien kalitatea eta ereduak oinarria harturik. Gurasoek eta adituek adierazi zutenez, hiru nerabek lagunak izateko gogoa adierazten zuten, nahiz eta hori beti ez lortu. Ondorioz, bakartasunerako eta kalitate gutxiko erlazioak izateko joera zuten, eta horrek euren beste gizarte-harremanetan eragiten zuen. Ikerlarien aburuz, gai hori lantzeak berebiziko garrantzia du harreman osasuntsuen alde egiteko.

Ikerlariek ikusi zutenez, AEN daukaten pertsonak hobeto moldatzen ziren kontrolpeko edo egituratutako erlazioetan. Horren adibide bat da, gurasoek esan zuten moduan, ordenagailu-jokoen bitartez harremanak sortzeko gaitasun handiagoa zutela. Horrek alde onak (jendea ezagutzeko gaitasuna lantzea) zein txarrak ditu (arriskuak).

Adiskidetasunaren garapenari dagokionez, guraso parte-hartzaileen ustez, AEN daukaten nerabeek zailtasun handienak adiskidetasuna garatzeko edo mantentzeko zituzten. Izan ere, gehienetan zaila egiten zaie gizartean dauden ohiturak ulertzea edo haietara moldatzea. Bestalde, AEN daukaten nerabeek adierazi zuten adina igaro ahala zailagoa egiten zaiela lagunak egitea. Era berean, nerabeek lagunak egiteko gogoa izan arren, batzuetan nekatu egiten zirela edo beren lekua behar zutela erakutsi zuten. Amaitzeko, eskolaren ezaugarriei dagokienez, ikerketak frogatu zuen zenbait elementuk, hala nola distantziak edo landa-eskola izateak, ez dutela lotura nabarmenik adiskidetasuna lantzearekin.

Hitz batean, oso garrantzitsua da, guztiekin bezala, AEN duten pertsonen ikuspuntuak eta nahiak entzutea eta ulertzea. Horrela, kalitatezko erlazioak eta harremanak sortu ahalko dituzte haiek bakarrik.

Egilea: Patricia Peña

WhatsApp Image 2019-03-13 at 12.18.59

Be the first to comment on "Autismoa daukaten nerabeak: adiskidetasuna garrantzitsua al da haientzat?"

Leave a comment

Your email address will not be published.


*