Umetan irakurtzen ondo ikastea funtsezkoa da. Bizitza aldatu egiten du. Lortzen ez dutenei ikaragarri murrizten zaizkie etorkizunean izango dituzten aukerak. Baina kontuz, irakurtzen ikastea ez da ikaslearen ardura indibiduala bakarrik. Ikaslearen testuinguruak sekulako garrantzia dauka. Irakaskuntzan lan egiten dugunontzat gure ikastetxea leku bereziki garrantzitsua da irakurtzeko trebezia sustatzeko. Beste inon lor ezin daitezkeen helburuak erdietsi daitezke ikastetxeetan. Zailtasun handiak dituztenek ere ondo irakurtzen ikas dezakete, baldin eta ikastetxeak baldintza egokiak eskaintzen badizkio. Baina nola?
Gakoa intentsitate handiko esku-hartze eraginkorrak praktikan jartzea da. Hau da, ondo funtzionatzen duten jardunbideak maiztasun handiz erabiltzea. Horrela gainditzen dira bestela konponezinak diruditen arazoak.
Neurozientziaren ikuspegitik ere frogatuta dago. Esate baterako, Washingtoneko Unibertsitateko Elizabeth Huber-ek eta bere lankideek sakonki aztertu zuten zenbaterainoko eragina zuen irakurtzen irakasteko esku-hartze bizi batek burmuineko zenbait eremutan eta funtziotan. Era berean, burmuineko materia zuriari nola eragiten zion ikertu zuten, trebeziari dagokionez ere funtsezkoa baita irakurtzeko. 7 eta 12 urte arteko umeak aztertu zituzten. Denek zeuzkaten irakurtzeko zailtasunak. Esku-hartzeak zortzi aste iraun zuen, egunero lau ordu.
Emaitzak oso itxaropentsuak izan ziren. Burmuinaren plastikotasuna sekulakoa dela ikusi ahal izan zuten. Testuingurura egokitzeko ahalmen handia dauka burmuinak, oso malgua delako. Beraz, testuinguru aberats batean, ezaugarri aberasgarri horietara egokituko da. Intentsitate handiko esku-hartzea izan zuten ikasleen artean, eta irakurketa ahalbidetzen duten burmuineko eremuetan hobekuntza nabarmenak izan ziren. Are gehiago, materia zuriaren ezaugarriak ere hobetu ziren.
Horrez gain, aurreikusi ez zituzten beste bi aurkikuntza ere egin zituzten Huber-ek eta bere lankideek. Batetik, ez ziren bakarrik irakurtzeko gaitasunari lotutako funtzioak hobetu. Aldi berean, burmuineko bestelako funtzio batzuk ere nabarmen hobetu ziren. Ziur aski, esku-hartzearen intentsitatea izan zen aldaketa zabal horren arrazoia. Hori guztia gutxi balitz, ikusi zuten, ikaslearen profila edozein zela ere, hobekuntza handiak izan zituztela aipatutako arlo guztietan; ikasle guztiek arlo guztietan, ez gutxi batzuetan bakarrik.
Gure ikastetxean zailtasunak ezin ditugula gainditu jabetzen bagara, intentsitate handiko esku-hartze eraginkorrek arazoak konpontzen lagunduko digute. Ikastetxe batzuek hori egiten dute. Ikerketa zientifikoak frogatu du ikastetxeetan egin daitekeela. Gakoa, beraz, nola egiten den identifikatzea eta eraginkortasunez egitea da.
Egilea: Harkaitz Zubiri