Indarkeriaren igoera kezkagarria da. Egunkari honetan maiz idatzi dugu indarkeria arinki hartzearen edo zenbait jokabide indarkeriarik gabekotzat jotzearen ondorioei buruz. Indarkeriari aurre egiteko guztiz beharrezkoa da indarkeria fisikoa, psikologikoa eta sexu-indarkeria bistaratzea. Askotan, gerta daiteke ikasleek hiru indarkeria motak ez identifikatzea. Eta irakasleek?

Gai horretan sakontzeko eta eragile anitzen ikuspegi desberdinen eragina aztertzeko gero eta ikerketa gehiago daude. Haietako bat Suediako Joannes Lunnebladek eta Thomas Johanssonek egindakoa da. Bigarren Hezkuntzako ikastetxeetan egindako ikerketa horretan, irakasleen begirada edo ikuspegia aztertu zuten, hau da, generoak zer eragin duen irakasleek egoera jakin bat indarkeriarekin lotzeko edo normaltzat hartzeko.

Oro har, irakasleek indarkeria fisikoa mutilekin identifikatzen zuten; psikologikoa edo jazarpena, aldiz, neskekin. Horren ondorioz, mutilek indarkeria psikologikoa edo jazarpena erabiltzen zutenean, irakasleek ez zuten hain modu bortitzean ikusten, eta nesken arteko indarkeria fisikoa ez zuten serio hartzen.

Bestalde, mutilak, nahiz eta indarkeria erabili, mutilen gainean zuten irudia nesken gainean zutena baino positiboagoa zen. Haien ustez, mutilak beren burua defendatzeko gai dira errespetua lortzeko, zuzenagoak eta zintzoagoak ikusten zituzten.  

Genero-ikuspegi horrek zaildu egiten zuen erasotzaileak eta biktimak identifikatzea. Normalean, ulertzen zuten egoera batek erantzun desegokia bultzatzen zuela nork bere buruaren kontrola mantentzeko zailtasunengatik, ez erasotzailea izateagatik. Are gehiago, jarrera hori maskulinitatearen ezaugarri gisa ikusten zen, eta neskek erabiltzen zutenean ere ez zitzaien garrantzi handirik ematen.

Ondorio horiek ulertzen lagundu diezagukete zergatik askotan indarkeriari ez zaion behar besteko garrantzirik ematen. Indarkeriari zorroztasunez aurka egin nahi badiogu, ezin da arinkeriarik onartu, ezta normalizaziorik ere. Halaber, mutila izatea ezin da argudioa izan.

Indarkeriarik gabeko giroa sortu nahi bada, indarkeria erabiltzen duten pertsonekin jarraibide argiak erabili behar dira; egoerak, erasotzaileak eta biktimak argi identifikatu beharko dira; indarkeria-kasu oro kontuan hartu beharko da, nola txikia hala handia, indarkeriak ez baitu tamainarik; ikasleei tresnak eskaini behar dizkiegu, tratu txarrak egiten dituena baztertu dezaten –hots, oldartzen dena bakarrik utz dezaten– eta biktimak babestu ditzaten.

Egilea: MªLuisa Jaussi

Jaussi