Esperientzia hasi zenetik, helburua izan da musika klasikoa Mestre Tárrega Musika Kontserbatorioko ikasleen familiengana hurbiltzea, bai eta horretan parte hartzeko interesa duten pertsona guztiengana ere. Esperientzia mota hori berria izan zen, aurrez ez baitzen musika-kontserbatorio profesional batean horrelakorik egin.

Ekimen mota horrekin, alde batetik, zentroa irekitzea bilatzen zen, nahi zuten pertsona guztiek jardueran parte hartu ahal izateko eta, hortaz, kontserbatorioen irudi elitistarekin apurtzeko.

Astebururo, musika klasikoaren errepertoriotik musika-lan bat edo batzuk hautatzen ditugu etxean entzuteko, eta partekatzeko iruzkin eta/edo zatiren bat pentsatzen dugu. Biltzen garenean, guztiok batera entzuten dugu asteko lana edo pieza. Entzuten bukatu ondoren, piezak edo lanak transmititzen digun guztia partekatzen dugu (sentimenduak, emozioak eta oroitzapenak). Gero, guztion artean, egileaz eta lanaz hitz egiten dugu: zer memento historikotan bizi izan zen, haren bizitzaren pasadizoez, haren musikaren estiloaz, zer instrumentu erabiltzen zituen, haren garaiko beste egile batzuez eta atentzioa ematen digun guztiaz.

Esku-hartze bakoitzaren ondoren, elkarrizketari ekiten zaio. Astean zehar pentsatu dugun guztia komenta dezakegu: piezaren, instrumentuen, gaiaren eta    interpretazioaren inguruan gustatu zaizkigun gauzak, baita eragiten dizkigun sentsazioak edo sentimenduak edo burura datozkigun irudiak ere. Hauxe dio Reginak Tristan eta Isoldaren Preludioa entzun ondoren: “Nire bizitzan entzun dudan gauza ederrenetarikoa da. Etsipenaren, amodioaren eta itxaropenaren arteko nahasketa transmititzen du […]. Niretzat bizitzaren beraren alegoria da […], gizaki bakar bati ere ez litzaioke musikak transmiti ditzakeen sentsazioez gozatzeko aukera kendu behar”.  Era berean, mementoen, bizipenen edo gure bizitzako egoera zehatzen oroipenak ere partekatzen ditugu. Pieza eta egile bakoitzak gure bizi-esperientziaren une batera eramaten gaitu.

Zer lortu dugu? Musika eragilea izatea pertsonek emozioak eta sentsazioak adieraz ditzaten. Elkarrizketen bidez ikastea, solaskideen kultura-adimenen eta ekarpen pertsonalen arteko elkarrekintzari esker, komentario hauetan ikus dezakegun bezala.

Manuelak Wagnerren Tristan eta Isoldaren musikarekin amesten du, eta, haren hitzen bidez, horren berri ematen digu: “Nire itsaso irrikagarriaren ertzean, Isoldaren preludioa eta aria entzunez gozatzen dut (…). Gai da nire benetako izatea, nire arima, nire barnean bizi den emakumea irudikatzeko, gogotsu dagoena abesteko, maitatzeko eta ama izateko (…); une horietan zoriontasuna erabatekoa da”.

Bestalde, hauexek dira Auroraren bizipenak Beethovenen seigarren sinfonia entzuten duenean:

“Naturarekin lotutako bizipena gogorarazten dit, eta, era berean, nire bizitzako garai magiko bat ere bai, nire haurtzaroa, landa-eremuan ematen nituen udak, galdutako paradisua, lurrak eusten ziguneko garaia, alpapa-zelaietan kulunkatzen ginenekoa, eguzkiak eta haizeak laztantzen gintuenekoa eta, batez ere, guztiok geunden garaia, nire familia osoa (…), baita pikondoaren azpiko familia-bazkari handia ere; ipuinak kontatzen zizkigun gizonaren masetera (Valentziar Herrialdeko landetxea) egiten genuen paseoa ere ekartzen dit burura”.

Entzuten dituzten lanen bidez, pertsonak konposatzeko moduak barneratuz eta ikasiz doaz, lan horien garaien eta estilo bereizgarrien arabera. Halaber, musika-lan horien sorkuntzaren egoera historikoak eta korronte filosofiko nahiz politikoak barneratu eta ikasten dituzte, hain zuzen, konpositoreek konposatu zituzten garaietakoak.

Horren adibide dira Lauraren iruzkinak: “Sinfoniaren hasiera geldoa da, sarrerak amets egiteko gonbita egiten du, baina bat-batean mugimendu patxadatsua bizkor eta alai bilakatzen da, orkestra osoak esku hartzen duenean. Ondoren, sarrerako konposizioa errepikatzen da, eta lehen aldi hori berotasun eta alaitasun handiarekin bukatzen da”.

Ikusten dugunez, Laurak elementu formalen eta orkestra-elementuen sarrera egiten digu, hain zuzen, konpositoreek emozioak eta sentsazioak transmititzeko erabiltzen duten musika-hizkuntzaren parte direnak.

Berdintasuna eta pertsona guztientzako errespetua nagusi diren espazioa eratu da, eta elkarrekintzak sortu dira laguntasuna eta elkartasuna bultzatzeko eta indibidualismoak eta solidarioak ez diren beste modu batzuek lekurik ez izateko.

Solaskideen komentarioak oso adierazgarriak dira. Jarduera mota horien bidez, pertsonek musikak maila musikalean nahiz pertsonalean transmititzen dizkien emozioak eta sentsazioak adieraz ditzakete. Horrez gain, ikaskuntza instrumentala sor daiteke, adimenen arteko elkarrekintzei esker, solaskideek egindako komentario batzuetan egiaztatu ahal izan dugun bezala.

Musikaren ezaugarriak aprobetxatu behar ditugu, pertsonak eraldatzeko eragilea baita, eta hori baliatu behar dugu mundu solidarioagoa eta gizatiarragoa lortzeko.

Jarduera mota horiei esker lortzen da pertsonek musika klasikoaren kulturarako sarbidea izatea, haien egoera soziala, akademikoa edo pertsonala gorabehera. Ba al dago deskribatutako esperientzia egitea baino gauza gizatiar eta solidarioagorik?

Egilea: José Luis Laborda Máñez