Zer esaten du ebidentzia zientifikoak ikaskuntza-estiloen teoriari buruz?

Ikaskuntza-estiloen teoriak esaten du hainbat ikaskuntza-estilo daudela. Teoria horren arabera, zenbait pertsonak hobeto ikasten dute behatuz (ikus-ikasleak), beste batzuek entzunez (ikasle entzuleak), eta beste batzuek, ordea, mugituz (ikasle kinestesikoak). Gizabanakoek ondoen pentsatzeko eta ikasteko modu ezberdinak dituztela iradokitzen du teoria horrek, eta, ondorioz, ikasleen ikaskuntza-irakaskuntza prozesua optimiza daitekeela, euren ikaskuntza-estilora hobekien egokitzen dena erabiliz.

Hortaz, teoria horren arabera, eragiketak egiten ikasten ari den ikasleak, bere ikaskuntza-estiloa errespetatzen duen horri etekina atera diezaioke; ikus-ikasleak objektu multzoak ikus ditzake, ikasle entzuleak erritmoak entzun ditzake eta ikasle kinestikoak abako baten aleak eskuzta ditzake, besteak beste.

Baina egia al da teoria hori?

Zalantzarik gabe, ikaskuntza-estiloen teorien sinesmena guztiz hedatuta dago: azken azterketa batek agerrarazi du bost herrialdetako –Erresuma Batua, Herbehereak, Turkia, Grezia eta Txina– irakasleen % 90 bat datorrela baieztapen honekin: ikasleek hobeto ikasten dutela euren ikaskuntza-estilora egokitzen den informazioa jasotzen dutenean.

Haatik, teoria horien zilegitasuna egiaztatzen saiatu dira berriki plazaratu den ikerketa batean (Willingham, D.T, Hughes, E.M, eta Dobolyi, D.G, 2015), eta ondorioztatu dute azken 30 urteetako literatura zientifikoaren berrikuspenean  ez dagoela ikaskuntza-estiloen teoria babesten eta onartzen duen pisuzko frogarik.

Beraz, frogarik ez badago, zergatik dago harekiko konfiantza hain zabaldua? Willinghamek eta bere kideek bi arrazoi nabarmentzen dituzte: batetik, teoria batzuk zientifikoak direla sinesten dugu nahiz eta ebidentziarik ez daukagun, baita egiazkoak direnean ere, adibidez, materiaren teoria atomikoarekin gertatzen den bezala (sinesten dugu atomoek osatzen dutela materia, baina gehienok ez daukagu ebidentzia garbirik); eta, bestetik, gure esperientziak teoria egiaztatzen duela sinesten dugu batzuetan, adibidez, ikasle bati zerbaiti buruzko hamaika azalpen eman ondoren, grafiko bat egin eta ulertzen duenean bezala (pentsa dezakegu ikasle horrek ikusmenaren bidez ikasten duela ondoen, baina, agian, grafiko horrek edozein ikasleri egingo lioke mesede, eta, beraz, nahasgarria den esperientzia bat har dezakegu oinarri horrelako teoria bat egiaztatzeko).

Ikaskuntza-estiloen teoriak ez dauka inolako oinarri zientifikorik. Ikasleen ikaskuntza hobetu nahi dutenek garbi eduki beharko lukete hori. Hobe da gure denbora eta energia eraginkorrak diren ereduetan erabiltzea.

Egilea: Ane Olmedillo Berasategi

Ane Olmedillo berasategi

Be the first to comment on "Zer esaten du ebidentzia zientifikoak ikaskuntza-estiloen teoriari buruz?"

Leave a comment

Your email address will not be published.


*