Zientzia eta feminismoa?

 

Gaurko eztabaidarekin, El Diario Feminista egunkariko eztabaida baten itzulpenean oinarritua, ikasgeletan gaiari buruz hausnartzeko elementuen ekarpena egin nahi dugu.

Egilea: Josebe Iturrioz

 

 

Zientzia feminista

Suposizio feministak zientifikoki justifikatzeko beharrari dagokionez, oso arrazoizkoa den zalantza bat sortzen zait: ez dakit guztiz egokia den geure buruari galdetzea feminismoa zientifikoa den ala ez. Interesgarriagoa iruditzen zait argitzea zientzia konstruktu matxista den ala ez, eta, izanez gero, zer erreskata dezakegun jakintza zientifikoetatik.

Baliteke pertsona gehienek ez jakitea, baina zientziak, oro har, eraiki, pentsatu eta kritikatu egin dira, eta, batez ere, botereen borrokarako espazioa dira. “Egia” kontatzea beti izan da oso gauza zaila, eta kontaketa errealak eta prediktiboak sortzeko parametroak ezartzea ez da gauza erraza.

Thomas Kuhn-ek, Iraultza zientifikoen egitura (1962) lanean, argitu zuen edozein arlo eta ikerketatan zientzialarien taldeak eta haien sinesmenek, ohiturek eta gizarte-arauek eragina dutela ikergaitik ateratzen duten horretan. Hainbat pentsalari edo epistemologo feministak, hala nola Helen Longino-k, Evelyn Fox Keller-ek eta Donna Haraway-k berak ere, kokatutako ezagutzei buruz hitz egitea proposatzen digute, hau da, ulertu behar dugu ez dagoela gauza neutralik eta ikerketa zientifiko bat egiten duten pertsona guztiak direla garai jakin batekoak eta, hortaz, sinesmen-sistema bati atxikita daudela.

Horregatik guztiagatik, helburua ez da ikustea ea teoria eta proposamen feministei oinarri zientifikoek eusten dieten, baizik eta argitzea zientziaren izenean naturalak edo zientifikoak ez diren gaiak naturalizatzen eta esentzializatzen saiatzen garenean sor daitezkeen norabide eta joera guztiak. Horren adibide argia da biologiaren giza gorputza definitzeko modua, diformismo sexuala; sexua kontrako bi polotan bereiztea eta ezaugarri fisiko jakin batzuk maskulinotzat edo femininotzat jotzea hanka-sartzea da

Ziur nago premiazkoagoa dela, feminismorako babes zientifikoa bilatzea baino, zientziari buruz berriz hausnartzea parametro ez-androzentrikoetatik eta jakintza etiko eta inklusinboagoak sortzea. Laburbilduz, uste dut feminismoak gehiago egin dezakeela zientziaren alde, zientziak feminismoaren alde baino, oraingoz behintzat.

 

 

 

  Emakumeok ebidentzia zientifikoak ezagutu, erabili eta emateko eskubidea dugu

 

Egilea: Lidia Puigvert

Emakumeok zientziatik baztertzea gure bizitzetarako eta gizarte osorako ondorio kaltegarri handienetarikoak eragin dituen patriarkatuaren ekintza izan da. Azken hamarkadetan lorpen handiak erdietsi dira akademia eta ekoizpen zientifikoko emakumeen presentziari dagokionez, baina oraindik asko dago egiteko.

Unibertsitate-irakasle izatera heldu garen askok ez dugu hori egin patriarkatuaren menpe dauden erakunde horiekin lankidetzan aritzeko, sexismo mota guztiak gainditzeko baizik. Etsigarria da postu horietan egon diren emakume batzuek postuok erabiltzea beste emakume batzuei heltzea zailtzen dien dinamikarekin. Unibertsitateetan eta ikerketa-zentroetan lanpostu egonkorrak lortzeko, ebaluazio batzuk gainditu behar dira, eta hori ez da erdiesten ranking zientifikoetako aldizkarietan artikuluak argitaratu ezean. Adibidez, gure borrokarekin jarraitzeko, ikasle emakume bikainek batzuok dagoeneko baditugun postuak betetzeko eskubidea baliatu nahi dute eta genero-masterrak egiten dituzte. Master horiek gaiari buruzko aldizkari zientifiko nagusiak alde batera uzten dituzte, eta, ondorioz ikasle horiek titulua lortzen dute, baina aldizkariok existitzen direla jakin gabe. Horrela, komunitate zientifikoaren gaitzespena, zientziaren androzentrismoaren kontrako borroka balitz bezala agertzen dena, kolaboratzailerik onena da; izan ere, neska horiei, nahi izanez gero, akademiara sartzea oztopatzen die, eta horrek eragiten du sexista izaten jarraitzea.

Bazterketa sexista hori oso larria bada ere, are kaltegarriagoak dira horrek emakume guztiei eragiten dizkien ondorioak, adibidez, gure etxeetan guk ikertu bitartean garbiketa-lanak egiten dituztenei edo gu goazen tabernetako zerbitzariei, gure amei, amamei… Ebidentzia zientifikoak ez zabaltzeak oso ondorio kaltegarriak dituzten oinarrizko hutsegiteak dakartza. Esaterako, 2004ko genero-indarkeriaren legeak 1. artikuluan ezartzen zuen indarkeria hori bikotekideak edo bikotekide ohiak sortzen zuela; hortaz, ez ziren genero-indarkeriaren biktimatzat jotzen harreman esporadikoetan erasotako edota hildako emakumeak. Genero-aldizkari zientifikoetan artikulu asko argitaratuak ziren frogatzeko genero-indarkeria ez zela harremanaren iraupenaren araberakoa. Ebidentzietan prestatu diren genero-arloko profesionalek badakite hori eta kontuan hartzen dute arazoaren tratamenduan.

Feminista ikertzaileok ebidentzia horiek irakurri eta ekartzen dizkiegu gainerako emakumeei, ez ditugu ezkutatzen, eta aldizkari horietan ebidentzia berriak ere argitaratzen ditugu. Egia da komunitate zientifikoa, gauza guztiak bezala, patriarkatuaren menpe dagoela, baina ez gure unibertsitateak baino gutxiago.

 

Feministok bietan parte hartzen dugu bertako sexismoak desagerrarazteko, eta ibilbide hori egitea erabakitzen duten emakumeek ere egin ahal izatea sustatzen dugu. Zorionez, gure unibertsitateetan biziarteko soldata duten, eta, hala ere, atzetik datozenek eskubide hori baliatzea zailtzen duten gero eta pertsona gutxiago dago.

Be the first to comment on "Zientzia eta feminismoa?"

Leave a comment

Your email address will not be published.


*