Hedabide honetan jada ikusi dugu zer diren Solasaldi Literario Dialogikoak (SLD) eta zenbait esparrutan izan duten inpaktua. Esperientzia honetan, SLDetan parte hartzen hasi zen emakume baten istorioa jasotzen da, eta Hezkuntza Jarduera Arrakastatsu horrek haren bizitzan eta auzo-mailan izan zuen eraldaketa/inpaktua azpimarratzen da.  Olga Serradell-ek sinatutako artikulu zientifiko bati esker dugu Aisharen berri.

Aisha emakume gaztea da. Marokon jaio eta hazi zen, eta haren haurtzaro eta nerabezaroko oroitzapen garrantzitsuenen artean, familiako kideen artean arnasten zen elkartasuna eta laguntasuna nabari dira. Sentimendu horren parekoa zen, Aisharen hitzetan, eskolara joateak, ikasteak alegia, sentiarazten ziona, etxean bezain gustura baitzegoen bertan. Bizitzak berez antagonikoak ez diren bi egoeraren aurrean jarri zuen Aisha: maitemindu zen eta, ezkontzearekin batera, ikasketak utzi behar izan zituen.

Espainiako hegoaldean finkatu zen familia sortu berria, haien lehenengo umearekin. Laster beste bi iritsi ziren. Aisharen hiru semeek Ikas Komunitatea bilakatu zen eskola batean ikasten zuten. Bertan jasotzen zuten hezkuntza-kalitatea ikusita, ama gazteak bertan geratzea erabaki zuen nahiz eta bizitzako egoera latzek Marokora bueltatzea iradokitzen zioten.

Ikas Komunitatea izanda, familien prestakuntza sustatzen zituzten hainbat jarduera antolatzen ziren bertan. Aisharen ikasteko gogo itzalezinak familientzat antolatzen ziren Solasaldi Literario Dialogikoetan parte hartzen hastera bultzatu zuen. Literatura Klasikoko liburuek eskaintzen dituzten gai sakonen inguruko eztabaiden bidez, Aishak komunitateko beste emakume batzuk ezagutu zituen eta lagun egin ziren. Solasaldiek eraldaketa-prozesu pertsonalari zein ingurukoari hasiera eman zioten, eta Aisha auzoko erreferente bilakatu zen bere solidaritate eta enpatiagatik.

Denbora aurrera joan ahala, Aisharen antzeko egoeretan zeuden gero eta emakume gehiago hasi ziren Solasaldietan parte hartzen. Berdintasunezko elkarrekintza-espazio hezitzaile hori auzoko emakumeek identifikatzen zituzten arazoak, gatazkak, zalantzak eta bestelako gaiak azaltzeko gunea zen, eta horiei irtenbidea aurkitzeko lankidetzan aritzen ziren. Hala, Aisharen esperientziak agerian uzten du emakume marokoarren arteko elkarlanak auzoko giroa hobetzen lagundu zuela.

Egilea: Andrea Khalfaoui

Andrea 2017