Gobernuak adingabekoen babesaren aldeko lege aldaketak proposatzen ditu

2018ko abenduaren 28an, ministro-kontseiluak, adingabeen aurkako indarkeriari erantzuna emate aldera, adingabeak indarkeriaren aurrean babesteko lege organikoaren aurreproiektua onartu du. Arau berri horrek hamaika legeren aldaketa dakar, eta adingabeen bortizkeriaren prebentzioaren, detekzioaren eta babesaren aldeko neurriak proposatzen ditu.

Lege Organikoaren aurreproiektuak indarkeriaren definizio zabala egiten du, non jasotzen diren tratu txar fisiko, psikologiko zein emozionalak, zigor fisikoak eta tratu arduragabea barne. Adingabeak botere publikoen politiken erdigune bilakatzea du helburu, eta haur eta gazteak eskubide subjektiboen jabe egitea.

Kaieran argitaratu genuen bezala, Justizia Ministerioak sexu-abusuen delituen preskribatzeko data aldatzeko asmoa adierazi zuen. Lege-proposamen berri horri esker, delituaren preskripzio epea ez litzateke martxan jarriko biktimak 30 urte bete arte, eta biktimari salatzeko astia emango lioke 40-50 urteko adina izan arte. Gainera, sexu-delituen ondorioz kondenatu diren erasotzaileek ezingo lukete espetxe-baimen eta -onurarik izan zigorraren erdia bete arte.

Besteak beste, dokumentu berri horrek, adingaberen bat indarkeriaren biktima delako susmoa badago, salatzeko derrigortasuna jasotzen du. Aurretik hori horrela bazen ere, oraingoan zehaztasun gehiago ematen dira adingabeekin lan egiten dugun kolektiboontzat. Bereziki, irakasleoi garrantzi handia ematen zaigu adingabeekin denbora luzea ematen dugulako. Horregatik, Ongizate eta Babeserako koordinatzailearen eginbeharra proposatzen da, arduradun berri horrek eskoletan protokoloa betetzen dela ziurta dezan. Dena den, legearen helburuen artean dago protokoloak sortzea haur eta gazteak mugitzen diren eremu gehienetan: osasunean eta ospitaleetan, kirolean, astialdian…

Aurreproiektuak adingabeen aurkako delitu berriak jasotzen ditu, Internet eta teknologia berrien bidez egindakoak adibidez, non jasotzen diren suizidioaren sustapena, nork bere burua zauritzearen sustapena, askatasun sexualaren aurkako delituak edota elikadura-nahasmenduen sustapena edo ahalbidetzea. Horretaz gain, Herriaren Defendatzailearen ondoko 3. pertsona sortzea proposatzen du, adingabeen babesean espezializatuta egongo dena. Halaber, diskriminazio pisugarri generikoaren aldaketa jasotzen du; bertan adina, txirotasunaren arrazoiak, gizarte-bazterketa edota “edozein diskriminazio-aurreiritzitan oinarritutako arrazoiak” adierazten dira.

 

Adingabeak indarkeriaren aurrean babesteko Lege Organikoaren aurreproiektu horretan aldaketa asko jasotzen dira, baina, oraindik ere, proposamen hutsa da, testuak Parlamentuaren onarpena behar baitu. Gobernuaren agendaren arabera, otsailean aurkeztuko da Goiko Ganberan eztabaidatzeko eta onartzeko.

Egilea: Iraitz Hurtado

IMG_20180314_172758

Be the first to comment on "Gobernuak adingabekoen babesaren aldeko lege aldaketak proposatzen ditu"

Leave a comment

Your email address will not be published.


*