Adingabeen aurkako sexu-abusuak preskribatu behar dira?

Azaroaren 19an adingabeen aurkako sexu abusuen kontrako nazioarteko eguna denez, Garaitza elkarteak emakume batek eta gizon batek umetan jasandako abusuak plazaratu ditu; emakumeari aitak egin zizkion eta gizonari, aldiz, 8 eta 11 urte zituen bitartean, futbol-entrenatzaileak, Basaurin.

Aste berean,  futbol-entrenatzaile horren  kontrako bigarren salaketa aurkeztu dute, baina baliteke bi salaketa horiek, oso denbora luzea pasatu denez, ondoriorik ez izatea delituak preskribatuta egon daitezkeelako; dena den, Baskonia Futbol Eskolak entrenatzailea kargutik kendu du.

Horrelako abusuak maizegi gertatzen dira, OMS erakundearen arabera, 5 emakumetik batek eta 13 gizonetik batek umetan sexu-abusuak pairatu ditu, baina gutxitan salatzen dira, eta are gutxiagotan jasotzen dute erasotzaileek zigor-sententzia.

Abusuak pairatu dituzten biktimek denbora nahiko luzea behar izan ohi dute bizitako esperientziak aitortzeko. Ondorioz, denbora luzea igarotzen da salaketak aurkeztu arte. Basauriko gizonak, Pepek, grabatutako bideoan esaten duen bezala, 36 urte behar izan ditu bere esperientziaz hitz egiteko gai izateko. Haren entrenatzaileak egindako delituak Pepek 28 urte zituenean preskribatu ziren, adingabeen aurkako sexu-abusuen delitua haurrak heldutasuna bete eta hamar urtera preskribatzen baita. Haren esanetan, mina ez da inoiz preskribatuko, eta argi eta garbi islatu zuen legearen desegokitasuna.

Justizia Ministerioak adingabekoen aurkako sexu-gehiegikeriak ez preskribatzeko (edo epea luzatzeko) legezko erreforma egiteko asmoa du. Ministerioak hiru aukera aztertu ditu: inoiz ez preskribatzea, preskribatzeko epea 50 urte betetzen dituenetik hastea eta 30 urte betetzen dituenetik hastea.

Lege-aldaketa, dudarik gabe, lagungarria izango da, baina indarkeria hori desagerrarazteko, auzitegien zein gizartearen irmotasuna ezinbestekoa da. NBEaren Idazkari Orokorraren Ordezkari Bereziak, Marta Santosek, esan duen bezala, aldaketak ez du prebentzioa ordezkatzen. Gizartean sentsibilizazioa eta biktimen aldeko jarrerak lantzeaz gain, eskoletan indarkeriaren prebentzioa lantzea ezinbestekoa da.

Egilea: Iraitz Hurtado

IMG_20180314_172758

Be the first to comment on "Adingabeen aurkako sexu-abusuak preskribatu behar dira?"

Leave a comment

Your email address will not be published.


*