Hainbat ikerketak erakutsi dute elkarlanean oinarritutako ikaskideen arteko elkarrizketek bete-betean eragiten dutela bigarren hizkuntzaren ikaskuntzan. Era horretako elkarrizketei ‘elkarrizketa kolaboratzaile’ deritze, ikasleek arazo edo ataza bat ebazteko jakintza elkarren artean eraiki behar izaten baitute, eta elkarren ‘irakasle’ bihurtzen baitira. Yuko Watanabe eta Merrill Swain-en ikerketa batean elkarrizketa kolaboratzaileetan parte hartzen duten ikasleek H2n maila desberdina izateak beren ikaskuntza-prozesuan zein eragin duen aztertzen da.

Ikasleen hizkuntza mailak ez ezik, euren arteko interakzio motak ere emaitzetan eragina izan dezakeelakoan, lau mota bereizten dira artikulu honetan: kolaboratzailea, menderatzailea/menderatua, menderatzailea/pasiboa, eta aditua/hasiberria.

Ondorio hauetara iritsi ziren:

  • Hizkuntza-maila altuko ikasleak izan ziren hizkuntzari buruz gehien hausnartzen zutenak.

  • Ikasleek gehiago ikasi zuten maila baxuagoko kideekin lan egitean.

  • Elkarrizketa kolaboratzailean jardun zuten bikoteek gehiago hausnartu zuten hizkuntzaren inguruan gainerakoek baino. Alderdi horri dagokionez, hizkuntza-maila baino esanguratsuagoa da gertatzen den interakzio mota. Izan ere, hausnarketa gehien egin zituzten ikasleak maila baxuagokoak izan ziren.

  • Interakzio kolaboratzailean jardun zuten ikasleek lortu zituzten post-test jardueran (hau da, interakzioaren ostean banaka egindako jardueran) emaitzarik onenak. Berriro ere, beraz, bikoteen arteko desberdintasunak ez ziren izan hizkuntza-mailaren araberakoak, gauzatutako interakzio motaren araberakoak baizik.

Honenbestez, ondorioztatzen da ikasleen arteko hizkuntza-mailaren desberdintasunak ez duela nahitaez eragiten ikasleek elkarri eman diezaioketen laguntzan, ez eta bigarren hizkuntzaren ikaskuntzan ere. Aitzitik, H2ren ikaskuntzan giltzarria da interakzio kolaboratzailea izatea, era kolaboratzailean diharduten bikoteak elkarren laguntzarekin gehiago ikasteko gai baitira. Hortaz, maila desberdineko ikasleak elkarlanean jarduteak emaitza onak ematen ditu, bai maila altuko ikasleei dagokienez, bai maila baxuagokoei dagokienez. Hori bai, emaitza horietara iristeko, ezinbestekoa da elkarrekintza kolaboratzailean jardutea

Egilea: Ane Odria