Interakzioa, hizkuntzak ikasteko giltzarri

Ikasgela barruko interakzioak garrantzi berezia du lehen, bigarren eta hirugarren hizkuntzen irakaskuntzan. Penn State Unibertsitateko Joan Kelly Hall ikertzailearen arabera, hizkuntzaren ikuspegi soziokulturalak, esaterako, ikasgelako parte-hartzeen eta ikasleen komunikazio-garapenaren arteko loturak aztertu izan ditu, eta ondorioztatu du ikasleek zenbat eta parte-hartze handiagoa izan, orduan eta hobeto garatzen dituztela hizkuntza- zein komunikazio-gaitasunak.

Interakzioaren eta hizkuntzaren ikaskuntzaren inguruko ikuspegi kognitibistak input-a, interakzioa eta output-a hartu izan du ardatz. Hizkuntza-sistemaz jabetzea banakako prozesu mentaltzat hartzen du.

Ikuspegi soziokulturalak, ordea, hizkuntza ekintza sozial gisa ikusten du, komunikazioan sortu eta gorpuzten den zerbait balitz bezala. Hau da, kasu honetan, hizkuntzaren ikaskuntza ez da lotzen sistema baten egiturak barneratzearekin, baizik eta helburu jakin bat duten askotariko komunikazio-egoeretan parte hartzearekin. Hainbat adituk erakutsi dutenez, egoera horietan parte hartuz ikasleek gaitasun linguistiko, kognitibo zein soziokulturalak garatzen dituzte, hizkuntzaren gramatika edota lexikoa ikasteaz gain, hitzen bidez egin ditzaketen ekintzak ere ikasten baitituzte.

Joan Kelly Hall-en arabera, ikasgela askotan gertatzen den interakzioa ez da beti hizkuntza ikasteko modurik eraginkorrena izaten. Oraindik ere “irakaslearen galdera – ikaslearen erantzuna – irakaslearen balorazioa” erako interakzioa gailentzen da eskola askotan, eta eredu horrek ez ditu interakzio aberatsak ahalbidetzen. Eredu horrek ez die ikasleei intelektualki garatzen laguntzen, ez baitie hizkuntza-komunikazio egoera konplexu edo aberatsetan erabiltzeko aukerarik ematen.

Irakasleak ikasleen parte-hartzea maila komunikatibo eta kognitibo altuko egoeretara bideratzen duenean, interakzio horien bidez hizkuntza-gaitasuna garatzeko baldintza egokiak eskaintzen dizkie ikasleei. Bestela, ez dira era aktiboan inplikatuko testuinguru komunikatibo konplexuagoak garatzeko.

 

Gainera, parte-hartze handia sustatzen denean, ikasleen arteko harreman-sareak sendotzen direla ere erakutsi dute hainbat ikertzailek, ingurune baikorrean jardunda, besteei babesa eskainiz talde izaera sendotzen baita.

Egilea: Ane Odria

Ane Odria

Be the first to comment on "Interakzioa, hizkuntzak ikasteko giltzarri"

Leave a comment

Your email address will not be published.


*