Bigarren mailako sexu-jazarpena deuseztatu behar dugu sexu-jazarpena desagertarazteko

Sexu-jazarpena leku askotan gertatzen da, baina zailtasunak izaten ditugu haurren edo nerabeen artean antzemateko. Horrela, txikiak direnean, “umeen gauzak” balira bezala edo umekeriatzat hartzen dira; gero, nagusitzen doazenean, haien arteko jokotzat hartzen dira edo isiltasunaren legearen azpian ezkutatuta geratzen dira jokabide horiek. Egoera horretan oso zaila da biktimari laguntzea, berdinen artean jazarpena normaltzat hartzen delako eta, gainera, biktimen defentsan ateratzen direnak ere jazartzen dituztelako erasotzaileek. Defendatzaileak ezereztea da jazarpena egiten dutenen tresna garrantzitsuena bere boterea mantentzeko eta indarkeriaz baliatzen jarraitzeko. Horri bigarren mailako sexu-jazarpena (BMSJ, ingelesez SOHS) deitzen zaio, eta horren inguruan gero eta ikerketa gehiago egiten ari dira. Ikus dezagun kasu adierazgarri eta erreal bat.

 

Eskola batean, 7 urteko gelan, neska guztiei musu ematen zieten ahoan, bati izan ezik. Laurak (fikziozko izena) jazarpenari aurre egiten zion bi ikaskideren laguntzarekin. Bi lagun horietaz aparte, Laurak ez zion beste inori kontatu gertatzen zitzaiona. Gero, erasotzaileak lagunak ere jazartzen hasi ziren. Ondorioz, neskaren sufrimendua areagotu egin zen, eta, azkenean, amari kontatu zion. Ama eskolara joan zen tutorearekin hitz egitera, baina irakasleak egoerari garrantzia kendu zion. Orduan, amak ez zuen amore eman, eta orientatzailearekin bilera bat eskatu zuen. Orientatzaileak esan zion ez kezkatzeko, umeak baino ez zirelako. Gainera, emozioak lantzeko programa bat martxan ipintzeko asmoa zuten umeen emozioak eta sentimenduak askatasun gehiagorekin adierazteko, eta hori, seguru aski, alabarentzat ere egokia izango zen. Konponketarik ez ikustean, hots, alabak eta haren lagunek ez zutela inolako babesik izango, eta, aldiz, musuak emateko edo ez emateko bere askatasuna defendatzeagatik, errudun sentiarazten saiatzen ari zirela ikusita, alaba ikastetxetik ateratzea erabaki zuen.

 

Kasu hau ez da kasu isolatuta. Instituzioak ez zituen defendatu ez Laura ez bere lagunak jaso zuten bigarren mailako sexu-jazarpenetik (BMSJ). Laurak eta bere amak, aldiz, defendatu egin zuten emakumeok mendeetan zehar defendatu duguna: inork ezin gaitu ukitu edo musukatu ez badugu nahi, inork ezin gaitu behartu.

 

Hain garrantzitsua den oinarrizko printzipio hori batzuetan eskoletan ez da zaintzen, agian konturatu barik eta asmo onarekin jardun arren. Nola gainditu egoera horiek? Ikerketek esaten duten bezala, BMSJrekin amaitzeko eta, bide batez, edozein jazarpen eta sexu-jazarpenen aurrean, honako gomendiok izan behar dira kontuan:

 

  • Denon inplikazioa beharrezkoa da gune seguruak lortzeko: familiak, ikasleak… Guztien ahotsak entzun behar dira.

  • Salatzeko beldurra gainditzeko, helduek biktimak eta laguntzeko prest dauden lekukoak babestu behar dituzte. Gainera, laguntzaileak erakargarri bihurtzeko ausart erakutsi behar dituzte, ez salatari.

  • Ikasle bat, familiako bat edo lekukoak nagusi batengana laguntza bila doazenean, ezin da arinki hartu. Beti arretaz entzun behar da, eta babesa eskaini.

  • “Ez beti da ez” leloa adin guztietan aplikatu behar da. Txikitatik irakatsi behar da ezetz esaten eta ezezkoa errespetatzen. Musua ematera behartzea ez da jolasa, eta eman nahi ez izateak ez du adierazten arazo emozionalik edo beste motatakorik duenik; aitzitik, askatasuna islatzen du erabakitzeko norberaren gorputzarekin zer egin nahi dugun eta norekin.

  • Adiskidetasunaren sentimendua landu behar da: “nire lagunek ondo tratatzen naute eta defendatu egiten naute”.

 

Denok batera ekitea da jazarpenari kontra egiteko bidea: “bati egiten diotena denoi egiten digute”.

Egilea: Mª Luisa Jaussi

Jaussi

Be the first to comment on "Bigarren mailako sexu-jazarpena deuseztatu behar dugu sexu-jazarpena desagertarazteko"

Leave a comment

Your email address will not be published.


*