Azken urteotan immigrazioa Europako agenda politikoaren erreferentziazko gaia bihurtu da. Iritsi-berrien seme alabek harrera-tokiko eskoletan jarraitzen dute euren ibilbide akademikoa. Testuinguru honetan, eskolatik kanpoko ekintzek elkar ezagutzeko espazio paregabea eskaintzen dute, bai haur iritsi berrientzat eta bai bertakoentzat ere.
Merike Darmody eta Emer Smyth-en ikerketak aztertzen du eskolaz kanpoko ekintzetan parte hartzeak zer nolako abantailak dituen iritsi-berrien inklusioan. Curriculumetik kanpoko ekintzek oro har izaten dituzten onuren artean ondokoak azpimarratzen dituzte: askotariko konpetentzien garapena, ongizate fisiko eta psikikoa bultzatzea, bakoitzak bere burua sakonki ezagutzea eta harreman sozialak sortu eta sendotzea, besteak beste.
Hori horrela izanik, Darmody eta Smyth-ek 2017an argitaratutako artikuluan aztergai izan zuten zer nolako eragina izan zuen Irlandako ume eta nerabe etorkinek curriculumetik kanpoko bi ekintza motetan parte hartzea: antolatutako kirol ekintzak eta egituratutako kultur ekintzak (hala nola, dantza, musika edo antzerkia).
Helburu honi heltzeko 1.105 eskoletako 9 urteko 8.568 ikaslek parte hartu zuten (bertako jatorria eta kanpokoa zutenak). Curriculumetik kanpoko ekintzen inguruko inkesta bat bete zuten 9 urte zituztela, eta beste bat lau urte geroago, 13 urterekin.
Emaitzek nabarmendu egiten dituzte antolaturiko kirol ekintzen inklusiorako onurak, bai kanpotik etorritako haurrentzat bai eta bertakoentzat ere. Harrera-tokiaren hizkuntza menperatzea curriculumetik kanpoko ekintzetan parte hartzeko oztopo gisa azaleratzen bada ere, horrelako ekintzetan parte hartzeak hizkuntza berria menperatzen laguntzen duela diote datuek, horrelako espazioetan elkarrekintzak ugariak direlako.
Ikerketak dioenez, 9 urterekin, kanpotik etorritako ume gutxiagok hartzen dute parte eskolaz kanpoko kirol edota kultur ekintzetan bertakoekin alderatuta, baina denbora aurrera doan heinean ume horien parte hartzea gora doa aztertutako bi ekintza motetan (kirol eta kultur ekintzetan). Joera honetan hainbat arrazoik elkarreragiten dute: bertako hizkuntza geroz eta hobeto menperatzea, bertako bizimodua hobeto ezagutzea eta curriculumetik kanpoko ekintzen eskaintza gertuago sentitzea.
Laburbilduz, kirol edota kultur ekintzetan parte hartzeak gizarte kohesioaren alde egiten du, espazio eraginkorrak direlako haurrek eta nerabeek lagun berriak egin ditzaten.
Egilea: Andrea Khalfaoui