Ba al du eraginik emakumezkoa ala gizonezkoa izateak haurrekin sustatzen ditugun elkarrekintza motetan? Galdera horri erantzuten saiatu ziren Marleen van Polanen eta beste ikerlari batzuk haur eskoletako eta haurtzaindegietako testuinguruetan 2017an burututako ikerketaren bidez. Gaia sakona da oso: nazioarteko datuek diotenez, Haur Hezkuntzan lan egiten dutenen artean, %3 soilik dira gizonezkoak.

Gauzak horrela, ikerketaren helburua izan zen, hasteko, konparatzea gizonezko zaintzaileek  eta emakumezko zaintzaileek haurrekin sustatzen zituzten elkarrekintzak, eta, finean, aztertzea ea bien artean alderik zegoen edo ez.

Helburu horretara heltzeko, Herbehereetako 37 zaintzailek hartu zuten parte ikerketan: 19 gizonezko eta 18 emakumezko. Ikertzaileek parte-hartzaile bakoitzari egun osoko errutinetan lagundu zioten, horietan gertatzen ziren elkarrekintzak behatzeko asmoz. Arreta berezia eman zieten banakako elkarrekintzei.

Emaitzek diotenez, orokorrean  bai neskatoen, bai mutikoen beharrei erantzuteko gaitasun (responsiveness) handia zuten gizonezko zein emakumezko zaintzaileek. Hau da, arreta, sentikortasun eta suspertze maila antzekoak zituzten gizonezkoek eta emakumezkoek.

 

Ikerketaren emaitza horiek ez datoz bat gurasoen elkarrekintzaren eraginari buruzko lehengo ikerketekin. Izan ere, behaketaren ondorioz agerian jarri zen umeekin sustatzen diren elkarrekintzek ez dutela harreman zuzenik zaintzaileen sexu-rolarekin. Marleen van Polanen eta beste kideek iradokitzen dute zaintzaile gizonezkoek zein emakumezkoek antzera erantzuten dietela umeen eskaerei. Horren azalpena izan daiteke funtzio bera egin behar dutela eta behar diren gaitasun profesional antzekoak garatu behar dituztela.  Beraz, hezkuntzako lehenengo etapetan lan egiten duten zaintzaileek sortzen duten giroa homogeneoa izan daiteke, elkarrekintza motei erreparatzen badiegu, oro har, arreta, sentikortasun eta suspertze maila altua erakusten dutelako.

Egilea: Andrea Khalfaoui

Andrea 2017