El Diario Feministan Rosa Garvinek idatzitako artikulua ezin interesgarriagoa iritzita, Baliabideen atal honetan eskaintzea erabaki dugu, hausnarketarako aukera eskaintzen baitu, bai irakasleen artean partekatzeko bai unibertsitatean ikasleekin gogoeta egiteko, baita gure eskoletan erabiltzeko ere.

Muxutxoak ematera behartzea erasoa jasan ondoren? Bai, Haur-Hezkuntzan gertatzen da

“Nahigabe izan zen” edo “Ez zintudan jo nahi, ez nekien zertan ari nintzen”. “Bera hasi zen lehenago“, edo “Nire onetik aterata nengoelako jo nuen” “Emaiozu muxu bat eta ez ezazu berriro jo, lagunak izan behar duzue eta”, edo “Emadazu muxu bat, ez da berriro gertatuko, nik maite zaitut”, “Barkamena eskatu dizut dagoeneko, ez izan herratsua” edo “Barkamena eskatu dizut dagoeneko, zer gehiago nahi duzu egitea?”

Zeinek esaten ditu esaldi horiek? Haurrek, eskolako patioan? Helduok, haurren gatazketan esku hartzen dugunean? Emakumezkoei tratu txarrak ematen dizkietenek?

Genero-indarkeriaren sozializazio prebentiboan zein eskuhartze motak funtzionatzen duen eta zeinek ez ikertu eta frogatu du jadanik literatura zientifikoak. Norbait jo duen pertsona isolatzeak pena ematen digunean, pentsatzen dugulako arazoak dituela edo autoestimu txikia duela, biolentzia justifikatzen ari gara. Neskatoei eta mutikoei hainbat aldiz ohartarazten diegunean, horren aurrean benetan zerbait egin aurretik, aldi horietan guztietan indarkeria ahalbidetzen dugu. Mutilak neskak baino basatiagoak direlako iritzi orokortua naturaltasunez onartzen dugunean, edo beren gorputza esploratzen ari direlako batzuetan mina egiten dutela azaltzen dugunean, saihestu beharko genukeena normalizatzen ari gara.

Indarkeriarik gabeko elkarrizketa eta laguntasun eremuak ireki nahi baditugu, bestelako jokabideak eta jarrerak bultzatu behar ditugu:

Laguntza behar dutenei entzun, sinistu eta sostengua eman behar diegu; erasotzailea taldetik isolatu behar dugu harik eta denak ondo tratatzen dituen arte; azaldu behar dugu hobe dela ondo tratatzen gaituztenen laguna izatea, eta egin nahi ez ditugun gauzak egitera behartzen ez gaituztenen laguna izatea; neskak ahaldundu egin behar ditugu gai izan daitezen erasotzaileari begietara begiratzeko eta esateko “ez dizut utziko ni molestatzen”; bere laguna gaizki tratatu dutela kontatzen duenean norbaitek, “desioren hizkuntza” erabili behar dugu esateko ume hori ausarta dela (eta ez salataria); haurrei ahotsa eman behar diegu kide bat Ausarten Klubeko partaide izan daitekeen edo ez erabakitzeko, besteak beste.

Kontraesanetan erortzen gara helduei gatazkak konpontzeko estrategiak irakasten dizkiegunean eta, aldi berean, txikiei  esaten diegunean gatazkak beren kabuz konpondu behar dituztela. Ezinbestekoa da ebidentzia zientifikoak ezagutzea eta maiz gertatzen diren egoera hauen aurrean esku hartzea: mutiko batek ahalegina egiten duenean argi eta garbi deseroso sentitzen den neskato bat musu emateko; mutiko batek neskato bati eskatzen dionean neskatoa bere lagunari esaten ari zitzaion guztia konta diezaiola; neskato bera maiz jarraitzen eta gogaitzen dutenean; berori egiten duenak bere laguna edo mutil-laguna izan nahi duelako egiten duela esaten duenean; lau urteko liderrak “neska-lagunak” banatzen dituenean eta horiek aukeratuak izateko marrazkiak eta musuak oparitzen dizkiotenean; liderretako batek “neska-laguna aldatzen” duenean eta aurrekoak “jadanik ez didazu polita naizela esaten” dioenean; bost urteko neskato batek esaten dizunean bere adineko mutiko batek honakoa esan diola: “izan zaitez nire neska-laguna berriro edo akabatuko zaitut”.

Egilea: Rosa Garvin

RGarvín-150x150