Genero-aniztasunaren iraultza hasi da eskoletan

National Geographic aldizkariak 2017ko urtarrilean generoari buruzko ale monografiko berezi bat argitaratu zuen, eta bertan aldarrikatu zuen genero-iraultza baten erdian geundela. Genero-aniztasuna eta kultura ez-binarioa ez dira berriak, betidanik existitu izan baitira hainbat testuingurutan, baina gaur egun genero eta sexu-aniztasuna gero eta argiago ikusten da zenbait eremutan. Bragg, Renold, Ringrose eta Jackson-ek 12-14 urte arteko nerabeen artean genero-aniztasuna zertan den aztertu dute Erresuma Batuko eskoletan.

 

Alderdi positiboak eta negatiboak identifikatu dituzte. Batetik, positiboei dagokienez, nerabeen artean gero eta gehiagok daukate genero-aniztasunari buruzko kontzientzia. Hiztegi gero eta zabalagoa dute generoaz hitz egiteko. Genero-desberdinkeriarekiko eta matxismoarekiko ikuspegi kritikoa dute nerabe askok. Gutxiengo sexualen eta trans* eskubideen alde egiten dute hainbatek. Talde batzuetan nortasun anitz esploratzen hasiak dira (heterosexualak ez ezik baita homosexualak, lesbianak eta bisexualak ere, baina baita pansexualak, polisexualak, demisexualak eta bestelakoak ere). Jarrera horiek guztiek maiz bat egiten dute feminismoaren aldeko jarrerekin, askatasunen aldeko lanetan batik bat. Horrez gain, lagunen babesa ere funtsezkoa da genero-aniztasuna esploratzeko, Bragg eta bere kideen ikerketaren arabera. Ulertuko zaituzten lagunak izatea oso lagungarria da. Halaber, zenbaitetan familiak ere babesa ematen du eta hori ere oso da lagungarri.

 

Bestetik, alderdi negatiboei dagokienez, hainbat arazo larri ere identifikatu dituzte nerabeen artean: jazarpen sexuala, homofobia, lodien kontrako fobia, eta, oro har, genero-aniztasunaren aurkako intolerantzia.

 

Bragg eta bere kideek diotenez, giza-eskubideen eremuko gaia da. Genero-aniztasuna eta transgenero-berdintasuna errespetatzen ez dituenak urratu egiten ditu giza-eskubideak. Hala dio Erresuma Batuko Berdintasun eta Giza-Eskubideen Batzordeak, eta gogora dezagun erakunde publiko autonomo horri A estatusa eman diola Nazio Batuen Erakundeak, giza-eskubideen aldeko erakunde nazionalen arloan.

 

Funtsezko gai bati buruz ari gara, beraz. Baina hain garrantzitsua izan arren, Bragg eta bere kideen ikerketak dioenez, nerabeek normalean ez dute izaten genero-aniztasunari buruz hitz egiteko aukerarik, ezta eskoletan ere. Online dauden espazioetan bilatzen dute informazioa. Hala ere, irakasle batek genero-kultura inklusiboak sustatu nahi baditu, ziur aski hainbat aliatu topatuko ditu ikasleen artean. Generoa ez da jaiotzetik ezartzen zaigun patu aldaezina, prozesu bat baizik, beti birpentsatzen eta berregiten ari dena. Ondorioz, irakasleek eskolan generoari buruz hitz egiteko espazioak sortzen badituzte, baldin eta berdintasunean eta errespetuz hitz egin badaiteke, elkarrizketa oso aberasgarriak sor daitezke. Genero-aniztasunerako eskubidea bermatu nahi badugu, ezinbestekoa da horretarako espazio seguruak, sareak eta foroak sustatzea.

Egilea: Harkaitz Zubiri

IMG-5117

Be the first to comment on "Genero-aniztasunaren iraultza hasi da eskoletan"

Leave a comment

Your email address will not be published.


*