Pasa den urtean argitaratu ziren Kataluniako Generalitat-eak egindako oinarrizko konpetentzien probetan, Joaquim Ruyra eskola publikoaren emaitzak batez bestekoaren gainetik egon ziren; are gehiago, ikasgai batzuetan, Kataluniako ikastetxe prestigiotsuen mailara ailegatu ziren. “Eskola mirari” horren zuzendariak, Raquel Garcia Sevillak, eta ikasketa buruak, Miquel Charneco Osetek, Ikas Komunitate honen ardatzetako bat azaldu digute.
– Zergatik erabaki zenuten Talde Elkarreragileak ezartzea eta nola egin zenuten?
Raquel Garcia: Gutxi gorabehera, 2002. eta 2004. urteen bitartean atzerriko migrazio-hazkunde nabarmena gertatu zen, eta herri askotako familiak sartu ziren gure auzora. Ikasle kanpotar baten bat edukitzetik bertan jaiotako ikasle bakar batzuk izatera pasatu ginen. Hori izan zen eskolak oso denbora laburrean izan zuen aldaketarik handiena. Hori dela eta, une hartara arteko gure hezkuntza-irizpideak eta abian genituen estrategiak birplanteatzeko beharra ikusi genuen, baita klaustroaren gogoeta prozesu sakona sustatzeko ere. Geure buruari galdera asko egiten genizkion, esaterako: Non gaude? Zer behar eragiten dizkigu ingurune sozialak, eta, ondorioz, zeri eman behar diogu erantzuna? Nola lortuko dugu ikasleek aukera eta emaitzetan berdintasun erreala izatea, bai arlo akademikoan bai elkarbizitzan?
Miquel Charneco: Bai, proiektu askotatik igaro ginen: berrikuntzakoak, ingelesekoak, teknologia berrikoak, liburutegikoak…, talde kooperatiboei buruzko formazioa egin genuen arte. Ikastaroan gela antolatzeko beste era batzuk daudela ikusi genuen, baina ez geunden ados proposamenarekin. Ez genuen oso argi ikusten ume bakoitzak rol konkretu bat izatea eta irakasleak ikasle bakoitzari egotzitako gaitasun berezi hori oinarritzat hartzea lan egiteko. Ez genuen ikusten ikuspegi horrek ikasleen aniztasunari atentzio egokia ematen zionik, ezta benetako inklusioa bermatzen zuenik ere. Izan ere, bazen taldeka lan egiteko proposamena, baina hasieratik ikasleei etiketa ipinita. Orduan, formatzaileak berak hauxe esan zigun: “Bada eskatzen duzuena
R. G.: “Bada zuek nahi duzuena, eta beste eskola batzuetan lantzen ari dira”, aitortu zigun. Eta orduan eraldaketa prozesuari ekin genion.
M. C.: Eta berehala esan genuen: “bai, bai, hauxe da” gura duguna.
R. G.: Ze ondo! Nahi duguna egon badagoela jakitea. Sentsibilizazio prozesu guztia egin genuen, hau da, familiekin asanblada handia, eraldaketarako prozesu osoa…, oraindik egiten ari garena, ez baita inoiz amaitzen. Ze ondo inoiz ez amaitzea, ezta?
– Talde Elkarreragileetako saio asko egiten duzue?
M. C.: Gehien errepikatzen zen ametsa esku gehiagoren beharra zen, irakasle gehiago, hain zuzen ere. Horregatik, familiei, baita umeei ere, irakasleen rola eman genien, hau da, irakasle bihurtu genituen, geneukan ikasleria guztiaren premiei erantzuteko. Gure asmoa zen Talde Elkarreragileak ezartzen saiatzea ahal ziren ordu gehienetan, ume kopuru handienera heltzeko asmoz. Eta urteetan zehar gero eta Talde Elkarreragileetarako saio gehiago martxan jartzeko aukera izan genuen, orain daukagunera heldu arte, orain Talde Elkarreragileak direlako eskolaren bihotza. Talde Elkarreragileak ardatz hartuta, aurrera doa irmo.
R. G.: Umeek esaten dute eskolan ez dela Talde Elkarreragilerik egiten, “bizi” egiten direla baizik, “egitea” desberdina baita. Honekin zera esan nahi dute, hemen ez dugula Jarduera Arrakastatsu hori aplikatzen behin-behineko kontua izango balitz bezala. Gure eskolan Talde Elkarreragileak arnastu egiten dira, tertuliak arnastu egiten ditugu; hots, hezkuntza ikusteko eta ulertzeko era hori arnastu egiten dugu. Eta hori da garrantzitsuena, eskola era zehatz batean antolatzea erabakitzen duzunean eta begirada aldatzen duzunean, era sistematikoan izatea eta eremu guztietan, eskolara sartzen zarenetik irteten zaren arte gertatzen den guztian.
– Orain ume guztiak gela barruan daude beti?
M. C.: Bai, eta baliabideen kudeaketa hobetu egin dugu. Lehen, ikasturtean zehar, ume batzuk gelatik ateratzen genituen, banakako arreta espezifikoa emateko.
R. G.: Baina baliabide horiek ez ziren era inklusibo eta eraginkorrean erabiltzen, hau da, ez zituzten espero genituen emaitzak ematen.
M. C.: Hori ibilbide logikoa da. Irakaslea ikasgelan bera bakarrik egotetik beste lankide batekin irakaskuntza banatzera; eta, gero, guraso boluntarioen laguntza ere izatera igarotzea, pausoz pauso. Bestalde, urte batzuetan urrats handiagoak eman ditugu, beste batzuetan, aldiz, egonkortu egin gara. Hala ere, guztiak positiboki ebaluatu ditugu.
R. G.: Eredua sendotzen, bai.
M. C.: Eta irakasleok zioten: “eskas gelditu zaigu saioa. Zergatik ezin dugu gehiago egin?”. Pausoz pauso egin behar dugu aurrera, gero atzera begiratzeko, eta horrela eskolaren eboluzioaren proiekzioa ikusi ahal izateko.
– Esan ohi duzue proiektua ez dela zuena, komunitatearena baizik.
R. G.: Bai, adi egon behar dugu, batez ere komunitatearen ametsei jarri behar diegu arreta, eurak baitira, neurri handi batean, Jarduera Arrakastatsuen inguruan ematen diren pausoak gidatzen dituztenak. Gu, hezitzaileok, prozesua errazteko gaude, laguntzeko eta indartzeko; baina, azken finean, haien proiektua da, eta hori da politena, izatez. Auzoaren idiosinkrasiaren parte bihurtu da eskolako hezkuntza-proiektua, eta bertako eta adin guztietako jendearen beharrei lotuta dago.
– Zer-nolako emaitzak ari zarete lortzen?
R. G.: Umeek askoz gehiago ikasten dute, askoz arinago, eta askoz gehiago sendotzen dute ikasi dutena. Katalunian urtero egiten diren kanpoko ebaluazio-probetan, gure emaitzak batez bestekoaren gainetik daude alderdi guztietan, eta askotan “elite” deituriko eskolen mailara iristen gara arrakasta neurtzen duten adierazle batzuetan. Harrigarria da, benetan, horren auzo apaleko eskola batek, horrenbesteko aniztasuna duenak, horren emaitza akademiko onak lortzea.
M. C.: Gainera, guztiok sortu nahi ditugun hiritar kritiko, aldarrikatzaile, eta gizartearekin konprometituak garatzen ari gara denon artean. Adibidez, bigarren hezkuntzara doazenean, ikasle asko laguntza ematera bueltatzen dira eskolara. Aurretik elkartasuna eta beste balio batzuk jaso eta landu dituztenez, geroago bat egin nahi izaten dute txikiekin haiek ere.
Egilea: Garazi Lopez de Aguileta
Trackbacks/Pingbacks