Matematika, katalana, eta gaztelania. Irakasgai horietako saio guztietan talde elkarreragileak antolatzen dituzte Joaquim Ruyra eskolan. Irakasgai horietan, irakasleen ordutegiak moldatu egiten dira, gela bakoitzean bi irakasle egon daitezen; horrela, haiekin eta boluntarioekin, sistematikoki antolatzen dira talde elkarreragileak. Eskola-ordutegiaren ia %60 antolatzen da modu horretan. Emaitza paregabeetan islatzen da horren guztiaren eragina, espero baino askoz altuagoak diren emaitzetan hain zuzen. Horrek, gainera, apurtu egiten ditu mota horretako eskolen inguruan maiz egoten diren aurreiritziak.

Talde elkarreragileekin hasi zirenean, saio batzuetan bakarrik egiten zituzten (orain ingelesean edo zientzietan horrela da baita ere). Haatik, denbora aurrera joan ahala, talde elkarreragileen bidezko saio gehiago egitea erabaki zuten, eta, gainera, taldeetan egiten ziren jardueretako batean irakaslea azalpen labur bat ematen hasi zen, baina ez nolanahiko azalpena.

Ikasleek erronkak nahi zituzten. Errepasatzeko eta sendotzeko jarduerak ondo zeuden, baina ez zuten hori bakarrik egin nahi. Ikertzeko eta ebazteko ariketak ere nahi zituzten. Harrezkero, irakaslea dagoen taldean kontzeptu berriak lantzen dituzte eta erronkak planteatzen zaizkie. Horretarako, beharrezko informazioa ematen zaie soilik, eta horretatik abiatuta, irakasleak prozesua gidatzen du: dudaren bat izanez gero, lagundu egiten die, pistak ematen dizkie… Ikasleek gogotsu egiten dute lan, beti ikertzeko eta deskubritzeko prest. Haiek “azalpen dialogikoa” deitzen dutenetik abiatuta, azalpen txiki bat ematen da, bakoitzak dakienarekin konektatuz. Batzuek berehala esaten dute: “a, hori aurretik landu dugunari lotuta dago” edo “hau nire etxean ere…”. Horrela, beren estrategiak erabiltzen dituzte eta guztiek parte hartzen dute, hasiera-hasieratik, ezagutza eraikitzen.

Gainerako taldeetan, dinamizatzaileek ez dute azalpenik ematen. Ikasleen arteko elkarrekintzak ziurtatzen dituzte, ordea, era askotako ariketak ebatz ditzaten: ariketa berriak, sakontzekoak, errepasoa egitekoak; hainbat material eta metodologiekin: tabletak, ordenagailuak, testu-liburuak… Saio batean ez badute talde bakoitzean egoteko boluntario nahikorik, ez dago arazorik, modu berean antolatzen direlako. Heldurik gabe dagoen taldean errepasoko ariketak egiten dituzte. Haien artean laguntzen ikasi dutenez, erraza egiten zaie.

Ebaluazioa oso garrantzitsua da talde elkarreragileen saioak eta ikaskuntza hobetzeko. Ikasleak autoebaluatzen eta ebaluatuak izaten ohituta daudenez, naturaltasun osoz eta positiboki ikusten dute. Era eraikitzaile batetik egiteko planteatzen zaie. Bakoitzaren ahulezien eta indarguneen detekziotik abiatuta egiten da, denentzat lagungarria delako. Izan ere, talde elkarreragileen oinarria elkartasun-ikaskuntza da. Horrek mesede egiten dio elkarbizitzari, pertsonek elkar ezagutzeari eta benetako aniztasunari, eta berdintasuna du ardatz.

Egilea: Garazi Lopez de Aguileta

garazi