Periódico Educación-etik itzulita

Helduen hezkuntzak agerian uzten du pertsonek bizitza osoan zehar ezagutzak eskuratzeko duten aukera.

Gure nerbio-sistema ez da estatikoa; bere egituran eta funtzioetan aldaketak egin ditzake, ingurumen-, genetika- eta epigenetika-faktoreei erantzunez. Ingurumen-estimuluek, esperientziek, eragin handia dute aldaketa horietan. Mende bat baino gehiago igaro da Santiago Ramón y Cajalek, Fisiologia edo Medikuntzako Nobel saridunak, plastikotasun neuronala azaldu zuenetik eta giroak neuronetan eta horien artean ezartzen diren konexioetan aldaketak nola eragin ditzakeen azaldu zuenetik. Rita Levi-Montalcinik, Fisiologia edo Medikuntzako Nobel saridunak, azaldu duenez, plastikotasun neuronalari esker, garunak ederto funtziona dezake adinean aurrera egin ahala; izan ere, bere gaitasun batzuk galdu arren, ordezkatu egiten ditu galdutakoak konpentsatzen eta gainditzen dituzten beste batzuekin. Horrela, adinarekin gertatzen den galera neuronala haien arteko konexioak areagotzearekin edo zirkuitu neuronal alternatiboak erabiltzearekin konpentsatzen da. Nerbio-sistemak aldaketa eta egokitzapen horiek egiteko duen gaitasunaren garapenean eragin handia du bizitako gizarte-esperientzien kalitateak.

Herritarrek modu demokratikoan erabaki dute pertsona guztiek, baita helduek ere, kalitatezko hezkuntza jasotzeko duten eskubidea, eta horrela dago jasota NBEk ezarritako garapen iraunkorreko helburuetan. Helduek hezkuntzan parte hartzeko gaitasuna eta eskubidea dute, eta, gainera, horrekin gizartea hobetzen eta aberasten laguntzen dute. Asko dira hezkuntza-ekintzen bidez gizarte-eraldaketak gidatzen dituzten pertsona helduen adibideak. La Verneda-Sant Martí Helduen Eskola horren adibide eta erreferente da; 1978an sortu zenetik, auzo oso baten hobekuntza gidatu dute, komunitateak hezkuntzan parte hartuz. Horren beste adibide bat Drom Kotar Mestipen Emakumeen Ijitoen Elkartea da. Elkarte horretan, adin guztietako emakumeek elkarrekin lan egiten dute emakume eta neska ijitoak berdintasunez sar daitezen hezkuntza-, gizarte- eta lan-esparru guztietan. Kontaezinak dira, halaber, hizketaldi literarioetan eta mundu osoko beste solasaldi mota batzuetan parte hartzen duten pertsona helduak, idatzizko lanik onenen inguruan hitz egiten dutenak, beren ongizatea eta ingurukoena hobetzen dutenak; alfabetatze-klaseen bidez hizkuntza berri bat ikasten duten pertsona heldu migratzaileak; eskoletan parte hartzen duten senideak, edo ikasketak helduaroan jarraitzen dituztenak.

Pertsona helduek hezkuntza zentzu sakon batetik nola hobetzen duten erakusten duten adibide ugarietako batzuk baino ez dira, horrela gizateria ere hobetzen baita.

Argazkia: Freepik

Egilea: Allba Crespo