Joan den asteburuan Ikas Komunitateen Nazioarteko XI. topaketa egin zen Oviedon. Egun potoloa larunbata zen arren, ostiral arratsaldetik jakintzak, iritziak eta esperientziak partekatzeko ekintzak antolatu zituzten. Guztira, 11 tertulia dialogiko desberdin hautatzeko aukera izan genuen: literarioak, pedagogikoak, zientifikoak, musikala, feminista, artistikoa, erlijiosoa eta zinematografikoa. Jarraian, afari ederra antolatu zuten asturiarrek. Izan ere, “espicha” izeneko afari- eta sagardo-dastaketa ederrarekin amaitu genuen gaua. 

Iritsi zen larunbata, ekainaren 3a, eta Oviedoko auditorioan elkartu ginen. Guztira, 730 irribarre ikusi ahal izan ziren aretoan. Agintariekin hasi zen inaugurazioa, gaiteroen emanaldi zoragarriaz girotua. Jarraian, katedradun emeritua den Ramón Flechak hasiera bikaina eman zion egunari. Harritzekoa ez den arren, bertaratu ginen pertsona guztien aurpegietan ilusioa nabarmena zen, baita harekiko mirespena ere. Auditorio hartan ontasuna, edertasuna, zientzia eta lilura arnasten ziren.

Goiza amaitzeko, mahai-inguru bat egin zen, non Beatriz Villarejo, Rosa Valls, Oriol Ríos eta Laura Ruizek, maila goreneko ikertzaileek, ebidentzia zientifikoen kokreazioari, espektatiba altuei, Ausarten klubari eta Solasaldi Dialogiko Zientifikoei buruzko hitzaldiak eskaini zizkiguten. 

Bazkalostean, esperientzien eta istorio narratiboen inguruko aldibereko tailerren txanda izan zen. Tailer espezifiko horietan, Hezkuntza Jarduera Arrakastatsuek eskoletan duten aplikazioan oinarritu ziren. 12 tailer egin ziren, eta guztietan berdinen arteko elkarrizketak bermatu ziren, baita ezagutza eta esanahia sortzeko ingurune seguruak sortu ere.  

Tailerren ostean, topaketari itxiera emateko, Harkaitz Zubiri doktoreak eskainitako hitzaldia baino erremate hoberik ezin zitekeen egon. Zubirik gaur egun pil-pilean dagoen gaia jorratu zuen: adostasuna. Gauza askoren artean, “upstander”-en garrantzia azpimarratu zuen, baita eskoletan ingurune seguruak bermatzearen garrantzia ere.

Agerian da nekez ahaztuko dugun asteburuaz disfrutatu dugula, eta gure haur eta gazteei kalitatezko hezkuntza eta hezkuntza onena emateko indarberrituta bueltatu garela gure etxeetara. Topaketa antolatu eta posible egin dutenei eskerrak ematea besterik ez zait geratzen. Hurrengo topaketa Valentzian izango dela iragarri ziguten, eta nik, zalantzarik gabe, ez dut galduko!

Egilea: Ane Olabarria