Gero eta pertsona gehiago gara isiltasuna hautsi eta ahotsa ozen altxatzen dugunak sexu indarkeriaren aurka borrokatzeko. Gaur egungo gizartean gero eta gehiago salatzen dira jarrera onartezin horiek, eta kontzientzia handituz doa. Zoritxarrez, oraindik bide luzea eta gogorra gelditzen zaigu garaipenerako eta jarrera horiekin guztiz amaitzeko, baina egunetik egunera helburutik gertuago gaudela esan genezake. 

Horren harira, sexu indarkeriaz hitz egiten dugunean, gutxitan imajinatzen dugu gizonek ere jasaten dutela indarkeria. Horregatik, gai hori ikertu du Aliraza Javaid soziologoak, eta gizon helduen bortxaketaren mitoak agerian utzi ditu, baita aurreiritzi eta estereotipo matxista nagusiek erasoak ukatzea eta/edo ezkutatzea sustatzen dutela ere. Horrek bortxatutako gizonek salatu edo jasandako sexu-erasoak eragiten dien traumari aurre egin ahal izatea zailtzen du.

Britainia Handiko gizonen % 3-8k, gutxi gorabehera, helduaroan sexu-eraso bat jasan dutela diote. Weiss-ek (2010) aurkitu zuen bortxaketen emakumezko biktimen % 30ek poliziari bortxaketa salatu ziotela, eta, bortxaketen gizonezko biktimen kasuan, aldiz, % 15ek soilik.

Ikerketa horretan, hainbat ikerlanetan identifikatutako gizonezkoen bortxaketari buruzko kultura-mito eta -estereotipoak biltzen dira:

  1. Gizonak ezin dira bortxatuak izan.
  2. Gizon homosexualak soilik dira gizonezkoen bortxaketen biktimak.
  3. “Benetako” gizonak gai dira beren burua bortxaketen aurka defendatzeko.
  4. Gizonei ez die eragiten bortxatua izateak.
  5. Gizon homosexualek eta bixesualek bortxatuak izatea merezi dute, desbideratuak eta immoralak izateagatik. 
  6. Gizonezkoen bortxaketak espetxeetan bakarrik gertatzen dira. 
  7. Biktima batek fisikoki bortxaketari erantzuten badio, nahi duelako izan da. 

Laburbilduz, artikulu horrek modu kritikoan aztertzen du instituzioek eta gizarteak nola iraunarazten dituzten gizonezkoen bortxaketen mitoak, hala nola establezimendu militarretan, espetxeetan eta komunitate zabalean. Gizonen bortxaketa alde batera utz daitekeela ikusi da, emakumeak eta gizonak sozializatzen dituzten genero-estereotipo eta -itxaropen indartsuengatik, tradizioz gizonak nagusi, boteretsu eta indartsuak izatea espero dela argudiatuz. Beraz, itxaropen horiek guztiek eragotz dezakete gizonen bortxaketaren biktima izatea eta, ondorioz, salatzea. 

Egilea: Ane Olabarria