Argazkia: Rosa Luxemburg-Stiftung

Erik Olin Wright (Berkeley, Kalifornia, 1947-2019) soziologo estatubatuarra izan zen, marxismo analitikoko kidea. 2012tik American Sociological Association-eko (Ameriketako Estatu Batuetako Soziologia Elkartea) presidentea izan da. Haren ekarpenik handiena klase sozialen teoria marxistaren berrikuspenean oinarritzen da (Classes, 1985).

Besteak beste, gaur egungo klase ertainen definizioak dituen arazoak konpontzen saiatu zen. Egia esan, azaltzen zuenez, klase ertaineko kideek interes kontrajarriak dituzte, klase mota ezberdinetan kokatzen direlako. Enpresan duten posizio hierarkikoak eta hezkuntza-maila nabarmenak aukera ematen die gainerako lan-indarra ustiatzeko, baina, aldi berean, kapital-ondasunak dituztenek ustiatzen dituzte klase ertaineko pertsona horiek. Horren ondorioz, klase ertain berriak maila kontrajarrietan daude.

Wrightek uste zuen bizitza abantailatsua izan zuela: «Pribilegio aparteko honetaz baliatzea erabaki nuen […] niretzat eta besteentzat zentzua sortzeko, mundua leku hobea izan zedin». «Justiziaren ikusmolde erabat berdintasunezkoa eta demokratikoa» oinarri hartuta, gizarte-zientzia emantzipatzaile batekin konprometitu zen. Honela azaltzen zuen: zientzia hori «zapalkuntza amaitzeko proiektu kolektiborako garrantzitsua den ezagutza sortzen saiatzen da, eta jendeak bizitza egokia izateko baldintzak sortzen ditu. Gizarte-zientziak […] munduaren funtzionamenduari buruzko ezagutza zientifiko sistematikoak duen garrantzia aitortzea dakar. Emantzipatzaile deitzeak haren helburu moral nagusia adierazten du: zapalkuntza ezabatzea eta giza ongizaterako baldintzak sortzea. Eta sozial deitzeak esan nahi du emantzipazioa gizarte-harremanen eraldaketaren mende dagoela […]. Bere misioa gauzatzeko, edozein gizarte-zientzia emantzipatzailek oinarrizko hiru zeregini ekin behar die: lehenik, munduaren diagnostiko eta kritika sistematikoa egitea; bigarrenik, alternatiba bideragarriak aztertzea; eta, hirugarrenik, eraldaketaren oztopoak, aukerak eta dilemak aztertzea».

Bere teoriak ikerketa enpirikoan aplikatu zituen hainbat herrialdetan. Adibidez, Espainiarekiko harreman estuaren emaitza Estructura, conciencia y biografía de Clase (ECBC) lana izan zen. Bi milako hamarkadatik aurrera, ikerketa-ildo berri bati ekin zion, “The Real Utopia Projects”. Esperientzia sozial arrakastatsuak bilatu nahi zituen, sozialki eraldatzaileak, ezkerrekoak, eta proiektu politiko erreformista baterako eredu izango zirenak. Bere sen analitikoaz baliatuz, proposamen horiek betetzen zituzten adibide batzuk identifikatu zituen: aurrekontu publiko parte-hartzaileak, Porto Alegren (Brasil) hasi zirenak; Arrasateko langileen kooperatibak, printzipio kapitalistak eta kooperatibistak biltzen zituen demokrazia ordezkatzaile eta zuzenaren nahasketa; Wikipedia, eta oinarrizko errenta unibertsala. Adierazi zuen adibide horiek «berdintasun soziala, benetako askatasuna eta giza ahalmenen garapena» xede dituen beste mundu baterako bidea adieraz zezaketen gidak direla (Envisioning Real Utopias, 2010. Gaztelaniaz, Construyendo utopías reales, Akal, 2014). Esate baterako, bere utopietan azaltzen zuen Bartzelonako eskola publiko batzuetan sozialismo parte-hartzailea jada martxan zegoela, “Ikas Komunitateak” deiturikoen bitartez.

Wrighten ustez, kapitalismoak, etekinak gidatuta, ekoizpena eta merkatuak hedatzeko joera du –aldi berean, kontsumora eta behar artifizialak sortzera bideratutako gizartea sustatzen du– eta, ondorioz, ingurumen-kostu handiak ditu. Hala ere, kapitalismoak etorkizunean bizirik iraungo duela uste du, eta kapitalismoaren bultzada hedatzaileak giza jardueraren gero eta eremu zabalagoak merkatu-indarren mende jartzeko mehatxua duela: osasunaren merkantilizazioa, haurren eta zaharren zaintza, giza ugalketa, etab. Dena dela, horrek ez du esan nahi ezer egin ezin denik. Baina esan nahi du kapitalismoaren efektuak indargabetzeko gai diren mekanismo ez-kapitalistak sartu behar direla. Gizartea eraldatzeko aukeran sinesten zuen, eta, Gramsci aipatuz, zera idatzi zuen: «borondatearen baikortasuna funtsezkoa da mundua eraldatu nahi bada».

Azken liburuetan, bere ikertzaile-bizitza gidatu zuen pentsamenduan sakondu zuen: Alternatives to Capitalism: Proposals for a Democratic Economy (2014) eta Understanding Class (2015), eta, gaztelaniaz, Cómo ser anticapitalista en el siglo XXI (Akal, 2020).

Egilea: Alfonso Caño