Joan den astean, azaroaren 7an eta 8an, Deustuko Unibertsitatean “Horizon Europe” hezkuntzako lehenengo proiektuaren hasierako bilera egin zen. Proiektuaren izena honako hau da: SCIREARLY “Europan errendimendu baxua eta eskola-porrota murrizteko ebidentzia zientifikoetan oinarritutako politika eta praktikak”. 

Rocío García Carrión doktoreak, horren Ikertzaile Nagusiak, azaldu zuen bezala, SCIREARLY latinetik dator, “Non Satis Scire” (jakitea ez da nahikoa) esamoldetik. Izan ere, askotan unibertsitateek edo ikerketa-zentroek lantzen duten ezagutza zientifikoak ez du hezkuntza-jardunerako tresnarik eskaintzen, eta, beraz, beharrezkoa da jakintzatik haragoko loturak sortzea.

Bilera horretan, 10 herrialdetako diziplinarteko eta nazioarteko partzuergoko kideak abian jarri ziren, eskola-porrotarekin eta eskola-uztearekin amaitzeko helburua duen proiektuari hasiera emateko. Datozen hiru urteetan, elkarrekin lan egingo dute, errendimendu akademikoa eta konpetentziak hobetzea lortuko duten ebidentzia zientifikoak sortzeko, konpetentzia digitala eta ikasle guztien ongizate psikoemozionala barne, eta, bereziki, problematika hori neurriz kanpo pairatzen duten ikasle kalteberenena. Horretarako, Horizon Europe Europako Batzordearen ikerketako esparru-programak proposamen hori hautatu eta ia 3 milioi eurorekin finantzatuko du.

Zientzia-maila goreneko ikerketa horren emaitzek lagundu egingo dute hezkuntza-politikek eta -praktikek Europako eta mundu osoko erronka horri erantzun diezaioten, eta arrakastarako aukerak eskainiko dituzte, inor baztertu gabe. Emaitza horiek herritarrekin eta ikerketan parte hartzen duten pertsonekin batera ezagutza sortzearen emaitza izango dira, eta ez goitik behera. Horrela, eskolarentzat eta gizartearentzat baliagarria izango den ezagutza zientifikoa sortuko da.

Egilea: Garazi Alvarez