Astelehenean, ekainak 20, Deustuko Unibertsitatean Kale Dor Kayikoren sari-banaketa ekitaldia ospatu zen. XXIII. edizio honetan, hainbat hezkuntza-etapatako sariak banatu ziren, DBHkoak, erdi-mailakoak, goi-mailakoak eta unibertsitate-mailakoak barne.

Egunaren hasieran, unibertsitatearen auditorioa “Gelem, Gelem” ijito herriaren melodiaz eta ilusio handia zuten pertsonekin bete zen. Ondoren, Baby Garcíak, Roberto Jimenezek eta Paulino Amayak ekitaldia aurkeztu ziguten. Jarraian, unibertsitateko agintariak eta Iñigo Zubizarretak (Bilboko Udaleko Gizarte Ekintza arloko zinegotzia) desberdintasunak gainditzeaz eta hezkuntzaren bidez eraldatzeko prozesuaz hitz egin zuten. 

Ekitaldiko pertsona guztiek bidali zuten mezua honako hau izan zen: “hezkuntzak aske egiten gaitu”. Oscar Vizarragak ere hori aipatu zuen bere hitzaldian, eta ijito batzuek Europan gaur egun bizi duten egoera ere aldarrikatu zuen. Nabarmendu zuen oraindik ijitofobia existitzen dela eta lanean jarraituko dutela horrek horrela izateari utz diezaion. Bide horretan, hezkuntzaren garrantziaren inguruan hitz egin zuen, eta Ramón Flecharen bideoari sarrera eman zion, zeinean azaltzen zuen hezkuntzarekin nola aurre egin diezaiekegun lehen aipaturiko zailtasunei. 

Horren ostean, sariak banatu ziren eta goi-mailako bi ikasleren diskurtso hunkigarriak entzuteko aukera izan genuen. Begietan distira handia geneukala eta txalo artean, saria jasotzen zuten pertsonei omenaldia egin zitzaien. Haiek ikasten jarraitzeko asmoa zutela esan zuten, eta sari hori lortzeko haien familiek izan zuten papera nabarmendu zuten. Amaitzeko, eskolentzako eta erakundeen sariak banatu ziren, eta, ekitaldia ixteko, Isabel Aricetak (Deustuko Unibertsitateko Hezkuntza eta Kirol Fakultateko dekanoa) hitz batzuk partekatu eta ikasleak animatu zituen ikasten jarraitzera.

Hortaz, Ramon Flecharen hitzak berreskuratuz: “unibertsitate onenetan bezala, arrakasta lortzea posible da, baina soilik pertsona oso desberdinen arteko interakzioekin, eta Deustun ekitaldi hau ospatzeak ateak irekitzen dizkigu hezkuntza hobetzen jarraitzeko”. 

Egilea: Garazi Alvarez