Jennifer Anne Doudna 1964ko otsailaren 19an jaio zen Washingtonen. Ameriketako Estatu Batuetako biokimikaririk ezagunena da, Emmanuelle Charpentier mikrobiologoarekin batera, errepikapen palindromiko labur taldekatu eta erregularki espazializatuak-Cas9 izeneko tresna molekularra aurkitu duelako.

CRISPR-Cas9 sistemarekin, zientzialariek DNA aldatu ahal izan zuten animalien akats genetikoak zuzentzeko eta enbrioien zelula ametan DNA sekuentziak aldatzeko. Aurrerapen horrek gizakiengan lerro germinalaren genoma (esperma eta obuluak) aldatzeko bidea ireki zuen. Doudnak eta Charpentierrek 2020ko Kimikako Nobel Saria partekatu zuten geneak editatzeko teknologiak aurkitu eta garatzeagatik.

Doudnak Hilon (Hawai) pasatu zuen bere gaztaroaren zati handi bat. 1985ean Kaliforniako Pomona Collegen kimikan lizentziatu ondoren, Harvardeko Unibertsitatera joan zen. Bertan, Jack W. Szostak biokimikari eta genetista estatubatuarraren laborategian lan egin zuen (2009an Fisiologia edo Medikuntzako Nobel Saria jaso zuen), eta 1989an biokimikan doktoratu zen. 1994an, Coloradoko Unibertsitatean doktoretza ondoko ikasketak egin ondoren, Thomas R. Cech biokimikari eta biologo molekular estatubatuarraren zuzendaritzapean (1989ko Kimikako Nobel Sariaren zati bat jaso zuen), Yale Unibertsitateko irakasle-kidegoan sartu zen. 2002an Berkeleyko Kaliforniako Unibertsitatera joan zen, eta bertan biokimika eta biologia molekularreko irakaslea izan zen.

Duela gutxi egindako elkarrizketa batean, Doudnak honako hau adierazi zuen: “Hazten ari nintzenean matematika izugarri gustatzen zitzaidan. Nire familiako inor ez zen zientzialaria, baina aitak oso gustuko zuen buru-hausgarriak egitea. Beraz, buru-hausgarri asko egiten genituen”. Hori dela eta, Doudnak aitortu du asko gustatu zitzaiola zientzia eta horregatik hasi zuela bere bidea mundu horretan. Zalantzarik gabe, bokazio zientifikoak haurtzarotik susta daitezkeen adibide bat da.

Egilea: Garazi Alvarez