Duela hamarkada batzuetatik hona, urtero, azaroaren 20an, munduak Haurren Egun Unibertsala ospatzen du, eta Haurren Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalaren (1959) eta Haurren Eskubideen Konbentzioaren (1989) urteurrenak gogoratzen ditu.
Egun horren helburua da haurren eskubideak ezagutaraztea, lortutako aurrerapenak ospatzea, eta pertsonak kontzientziatzea egunez egun haien ongizate eta garapenaren alde lan egiteak duen garrantziaz. Gainera, egun horretan herritarrei gogorarazten zaie haurrak direla kolektibo ahulena, eta, beraz, munduko krisiak eta arazoak gehien pairatzen dituena. Haur behartsuenen egoeraz ohartarazteko eguna ere bada.
Nazio Batuen Erakundeak Haurren Egun Unibertsala ospatzen du, hain zuzen ere, azaroaren 20an, data horretan onartu baitzuen NBEren Batzar Nagusiak Haurren Eskubideen Deklarazioa 1959an. Adierazpen hori, legez loteslea ez zena, ez zen nahikoa haurren eskubideak babesteko. Hamar urtez mundu osoko gobernuekin, buruzagi erlijiosoekin, GKEekin eta beste erakunde batzuekin negoziatu ondoren, Haurren Eskubideei buruzko Konbentzioaren azken testua adostea lortu zen, hori ere azaroaren 20an (1989), eta testua betetzea derrigorrezkoa da hitzarmena sinatu duten herrialde guztientzat.
Konbentzio horrek, nazioarteko itunen artean unibertsalenak, hainbat eskubide ezartzen dizkie haurrei; besteak beste, bizitzari, osasunari eta hezkuntzari, jolasteko eskubideari, familia-bizitzari, indarkeriaren eta diskriminazioaren aurkako babesari eta haien iritziak entzuteari dagozkienak.
Gure gizarteko kide guztiek — gurasoek, senideek, irakasleek eta osasun-langileek, gobernu-buruek, lider erlijiosoek, politikako, enpresa-munduko, gizarte zibileko eta komunikabideetako pertsona ospetsuek — funtsezko zeregina betetzen dute haurren ongizatean. Horregatik da garrantzitsua herritar guztien inplikazioa egun horretan eta urteko gainerako egunetan, haurren eskubideak defendatu, sustatu eta ospatzeko, haurrentzat mundu hobea eraikiko duten elkarrizketa eta ekintzen bidez.
Ikastetxeetatik badakigu ikasle guztien eskola-arrakasta sustatzen dugunean haurren eskubideak unibertsalak izango diren mundu hobe hori eraikitzen laguntzen ari garela. Badakigu, halaber, eskola-arrakasta hori lortzeko ikastetxeetan eta ikasgeletan lan egin behar dugula, familiekin eta beste gizarte-eragile batzuekin lankidetzan, jardunbide onenak erabiliz, hau da, testuinguru guztietan funtzionatzen dutela frogatu dutenak, edo, bestela esanda, gizartean eragina duten ebidentzia zientifikoetan oinarritutako jarduera arrakastatsuak erabiliz.
Azaroaren 20a egun egokia da haur ahulenekin lankidetzan aritzeko hainbat modu ezagutzeko, haien eskubideak aitortuak izan daitezen eta haien ongizatea eta garapena berma daitezen, baina Kaieran data hori egunero izatea gustatuko litzaiguke, haurrek urteko 365 egunetan gozatu behar dutelako beren eskubideez.
Egilea: Luisa Maria Puertas