Peter McLarenek (Toronto, Kanada, 1948) haurtzaroan ezagutu zuen muturreko pobrezia. Estatu Batuetan eskubide zibilen mugimenduak eragin ziola aitortzen du, Martin Luther King eta Malcolm X buru zituela. 1968an Los Angelesen eta San Frantziskon egon zen, gero Kanadara itzuli zen, eta 21 urterekin ezkondu eta seme bat izan zuen; eta maisu izatea erabaki zuen.

Peter McLaren munduko ezkerreko eremu intelektualean neoliberalismoaren aurkako borrokan hezitzaile kritikoenetako bat da gaur egun. Hala ere, pedagogia kritikoa kontzeptua etxekotu egin dela uste du McLarenek, klase-borrokatik bereizi egin dela.

Globalizazio neoliberalaren kritikatik abiatuta, borroka antikapitalistaren arloan eta epistemologiaren eremuan lan egiten duela dio, boterearen kolonialismoaren aurka heziz eta jakintza indigenisten inguruko ikuspegi ‘pluribertsala’ sortzen saiatuz, ezagutza eurozentrikoaren ekoizpenaren kritikaren bidez. Dioenez, hezkuntzak kulturen arteko elkarrizketa dekolonizatzailea izan beharko luke, ez kapitalista. Aldaketa horren motorra zapalduekiko, baztertuekiko eta mendeko taldeekiko konpromisoa da. Uko egiten dio, beraz, botere-matrize europar, kapitalista, militar, kristau, patriarkal, zuri, heterosexual eta maskulinoa oinarri duen eskolari.

McLaren ustez, balio politiko erreakzionarioak arrazoibide teknikoaren mozorropean disimulatzen dira. Orain eskolak ez dira arduratzen herritar demokratikoak lantzeaz; aitzitik, eskolek korporazio transnazionalak zerbitzatzen laguntzen diote nazio-estatuari.

Ikasleak entrenatzen ari dira herritar kontsumitzaile bihur daitezen, eta ez herritar demokratiko. Gaur egun, eskola-sistemak ikasleak maila baxuenetako enpleguetarako baino ez ditu prestatu behar. Azterketarako irakastea da ardatza, ezagutza teknokratikoaz arduratzen dena, baina ez du ezagutza esanguratsurik sortzen, azterketa kritikoa eskatzen duten testuinguruetan, praxiaren filosofian eta justizia sozialaren etikan oinarritutako ezagutza. Hau da, hautapen moral eta etikoak egiteko eta interpretatzeko eta kritikatzeko trebetasuna.

McLarenen ustez, asko ikas genezake Andeetako herri indigenetatik, eta bereziki aimaratarren ‘sumac kawsay’ esamoldetik (ondo bizitzea); gizonen eta emakumeen arteko, komunitate ezberdinen arteko eta gizakien eta ingurumen naturalaren arteko harmonia eta orekari egiten dio erreferentzia. Jakintza teknologiko eta zientifiko berriak ere behar ditugu kapitalismo neoliberalaren alternatibak garatzeko.

Ezagutza eskuratzea interakzio sozialaren ondorioetako bat da; beraz, jarduera hori ez da indibiduala, soziala baizik. Jakintza kritikoak eraldatzailea izan behar du. Hezkuntza zapalduen eraldaketa politikorako bidea dela uste du, eta, beraz, irakasleek zein ikasleek konpromisoa hartu behar dute zapalkuntzarik gabeko mundua eraikitzeko.

Gaur egun Ikasketa Kritikoetako irakaslea da Los Angeleseko Chapman Unibertsitatean (Kalifornia), eta Mexikoko Pedagogia Kritikoko McLaren Institutuan eskolak ematen ditu. Laplandeko (Finlandia), Salvadorreko (Argentina) eta Chilecitoko (Argentina) unibertsitateek hiru honoris causa doktoretza eman dizkiote.

McLaren munduan zehar hizlari izaten da hezkuntzako politikari buruz, eta berrogei bat liburu eta monografiaren egilea, egilekidea, editorea eta koeditorea da. Ehunka artikulu, elkarrizketa, aipamen, iruzkin eta zutabe agertu dira mundu osoko dozenaka eskola-egunkari eta aldizkari espezializatutan. Life in Schools: an Introduction to Critical Pedagogy in the Foundations of Education liburua nabarmentzen da, 20 hizkuntzatara itzulia eta gaur egungo pedagogiaren arloko liburu garrantzitsuenetakotzat jotzen dena.

Egilea: Alfonso Caño