Askatasuna eta berdintasuna lortzeko bidea hezkuntza da, eta halaxe ondorioztatu dute Tarragonako Rovira i Virgili-ko unibertsitatean elkartu diren 200 emakume ijitoek. Joan den larunbatean, urriaren 23an, urtero aurrera eramaten den Kataluniako Ikasle Ijitoen jardunaldia izan zen, Bartzelona inguruko auzoetako emakume ijitoek antolatuta. 20. edizio honetan, COVID-19aren osteko aurrez aurreko lehenengo ekintza izatearen emozioak gehitu dira emakumeek mahai gainean jarri duten gaiarekin batera. Aurtengo leloa, eta mantendu diren eztabaiden ardatza, neska eta emakume ijitoen arrakasta akademikoa bermatzea izan da, benetako askatasuna eta berdintasuna lortzeko bide gisa. 

Horretan aritu dira adin ezberdinetako emakumeak, arratsaldeko 16etatik 20:00ak arte. Cesca Domènech i Ruera-k Kataluniako Generalitateko Giza eta Komunitate Ekintzako Sailaren buruak, jardunaldiari hasiera eman zion Drom Kotar Mestipen Emakumeen Ijito Elkartearen ordezkariarekin, Rosa Maria Kostic Cisnerosekin, batera, besteak beste. Ondoren, Manuela Fernándezek hitzaldi nagusia aurkeztu zuen: “Kataluniako hezkuntza-sistemaren arrakastarako gakoak”. Politikan lan egiten duen emakume ijito horren hitzak indarrez txalotuak izan ziren; izan ere, oso argi geratu zen kalitatezko haur-hezkuntza eta familien parte-hartzea arrakastarako bi gako eskuragarriak direla. 

Horren ostean, erreferenteen mahiaren txanda zen: arrakasta akademikoa lortu duten bost emakume ijitoren esperientziak partekatu ziren. Aretoan zeuden hainbat neskatilarentzat eta heldurentzat inspirazio-iturri izan ziren, horixe baita jardunaldien helburua. Espazio horretan, eta arratsaldean zehar egin ziren eztabaidetan, oso argi ikusi zen emakume ijitoek hezkuntzarekiko duten konpromisoa amaigabea dela. Etorkizunerako ametsak eta lehentasunak partekatuz amaitu zen arratsaldea. Oso argi, eta ilusioz beterik, benetako berdintasunaren aldeko kalitatezko hezkuntza aldarrikatu zuten. Hurrengo urteko jardunaldian, 21. edizioan, hain zuzen ere, bidezko amets honetan zenbat aurreratu dugun ikusteko irrikaz gaude jada. 

Egilea: Andrea Khalfaoui