Pedagogia kritikoa irakasleen eta hezkuntza-langileen artean ahoz aho dabil, eta mundu osoan garatzen ari da. Hala ere, badaude “pedagogia kritikoa” egotismorako erabiltzen dutenak eta inoiz eskola bat eraldatzeko inolako ekarpenik egin ez dutenak. Hori dela eta, Valls-Carol-ek, Rodriguez de Melo-k,  Rodriguez-Oramas-ek, Khalfaoui-k, Roca-Campos-ek, Guo-k eta  Redondo-k (2021) zenbait irizpide, teoriko eta praktiko, identifikatu dituzte, batetik, errealitatea eraldatzen duen pedagogia kritikoa eta, bestetik, etiketa hori soilik beren onurarako erabiltzen dutenen “pedagogia kritikoa” bereizteko. 

Baina, zer da pedagogia kritikoa? Pedagogia kritikoak helburu argia du: hezkuntzaren eta gizartearen errealitatea eraldatzea, zapalduen desorekak gainditzeko (Freire, 2018), eta, hori lortzeko, elkarrizketa berdinzalean oinarrituta dago. XX. mendean jaio eta garatu zen, hezkuntzaren eta gizartearen benetako eraldaketari elementu teoriko eta praktikoak eskaintzeko. Elkarrizketa berdinzale horrek garatu duen proiektuetako batek, Ikas Komunitateen proiektuak, aurrez ikusi gabeko hobekuntzak lortu ditu, eta, horrela, zapalkuntza pairatzen dutenei ekarpen  bikaina egin die.

Valls-Carol eta kideek lau irizpide aurkeztu dituzte: lehenik, elkarrizketa berdinzalearen garrantzia azpimarratzen dute. Gizartearen benetako eraldaketa zabal eta sakona lortzeko, elkarrizketa berdinzalearen bidez izan behar delako. Bigarrena gizartearen eraginean datza, batez ere zapalduen bizi baldintzak eta desberdinkeriak gainditzean zentratzen da. Modu horretan, zientzialariek garatzen duten ezaguera herritarrei helarazten diete. Hirugarrena, aldiz, arlo emozionalean zein alfabetatzean emaitzen berdintasuna bilatzea da, zehazki kolektibo kalteberetan arreta jarriz. Laugarrena, eta azkena, pedagogia kritikoaren zorroztasun zientifikoa nabarmentzea, beste batzuek “pedagogia kritikoa” deitzen diotenaren oinarri teorikoen gabeziaren aurka.

Egilea: Aitana Fernández